@gara_miantzi
Tolosa

Unai Agirrek Illunbera salto egin du saio borobil batekin

Tolosako Usabal kiroldegian bildu dira 1.600 zale Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalaurrekoaz gozatzeko. Eta disfrutatu dute, gogotik, saioa bizia eta beroa izan baita hasieratik. Unai Agirre izan da garailea eta, joan den astean Zarautzen irabazi zuen Alaia Martinekin ondotik, Illunbeko finalean kantatzeko sailkatu den bigarren kidea izan da. Honela gelditu da puntuazioa: Unai Agirre 517; Beñat Gaztelumendi 501; Iñaki Apalategi 493,5; Oihana Iguaran 482; Nerea Elustondo 476 eta Beñat Lizaso 458,5.

Unai Agirre, Tolosako saioko irabazlea, pozarren. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Unai Agirre, Tolosako saioko irabazlea, pozarren. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Heldu den abenduaren 19an Illunben jokatuko den finaleko lehenbiziko bi aulkietan nortzuk eseriko diren badakigu jada: Alaia Martinek ondoan izanen du Unai Agirre, gaur saio benetan borobila egin duen hernaniarra. Entzulea irribarrez eduki du saio osoan, sarri irri algaraz ere bai, bere kideekin batera lan ederra egin baitu. Hala, joan den asteko saioarekin alderatuz, goragotik joan dira puntuak.

Bigarren egin duen Beñat Gaztelumendik finalean kantatzeko aukera handiak ditu, eta hurbil-hurbil gelditu da Iñaki Apalategi beasaindarra ere. Laugarren, Amasa-Villabonako gaztea, Oihana Iguaran, agurrean kantatu bezala, «haunditan plazaz plaza» kantatu nahi duen bertsolaria. «Honek ez du atzera bueltarik», abestu du, eta gaur nola ibili den ikusita, sinesten diogu.

Bosgarren postuan gelditu den Nerea Elustondok saio hagitz polita josi du. Dibertigarri, fresko eta berritzaile ibili da ofizioetan eta kartzelan. Seigarren egin du Beñat Lizasok, berak ere gauza hagitz politak utzita.