Jon Ormazabal

Victor eta Beroizek Artola eta Albisuren zalantzak handitu dituzte (22-15)

Faboritoak 0-7 aurreratu badira ere, oso partida kaxkarra jokatu du bikote gipuzkoarrak eta bigarren astez jarraian jipoi handi xamarra eraman dute

Aurrera egiteko euren aukerak oso urriak diren arren, laugarren posturako lehiari gatza eta piperra sartu diote Victor eta Beroizek Artola-Albisuri Tafallan 22-15 irabazita. Elkarrekin jokatutako hiru partidetan bi garaipen eskuratu dituzte errioxarrak eta bere jokan gorakada nabaria izaten ari den nafarrak.

Eta hori gauzak oso gaitzo ipini zaizkiela, arerioek beste munduko ezer egin gabe 0-7 aurreratu dira eta. Hotza sartu dira partidara gorriak eta akats larri batzuk batu dituzte, baina pilotaleku luzera egokitu eta berehala eman diote buelta markagailuari.

Pilota askoz biziago bat kantxaratuta, partidaren gidoia erebat aldatu dute, Victorek jarritako erritmoak Artola eta Albisu harrapatu ditu eta Beroizek atzean bere txapelketako partidarik osoena bete du, pare bat suerte handiz lortutakoak izan badira ere, lau tanto lortuta.

Gipuzkoarren artean, Iñaki Artolak orain hiru aste soberan zuela zirudien konfiantza guztia galdu du, ez du apenas pilotarik gurutzatu eta Albisuk ere huts gehitxo batu ditu azkenerako, azken astera arte sufritzera kondenatuz

Irujok jokatuko du

Bestalde, Mutiloagoitin gaur goizean egindako 40 minututako frogaren ostean, Juan Martinez de Irujok bere ezker eskua osatuta dagoela ikusi du eta asteartean Tolosan izango dela iragarri du