NAIZ
BAIONA

Errefuxiatuak otsailaren 15a baino lehen joanen dira Baigorritik

Hiru hilabetez Baigorrin aterpetu dituzten errefuxiatuak otsailaren 15a baino lehen herritik joanen dira Pirinio-Atlantikoetako edo Estatu frantseseko egituretan harrera jasotzeko. Zerbitzu sozialek kasu bakoitza segituko dute.

Errefuxiatuak, Baigorriko harrera zentroan. (Bob EDME)
Errefuxiatuak, Baigorriko harrera zentroan. (Bob EDME)

Datorren otsailaren 15ean Baigorriko «atseden zentroak» ateak itxiko ditu eta han dauden errefuxiatuak beste gune batzuetan aterpetuko dituzte. «Asilo politikoaren eskakizunaren arabera, toki ezberdinetara eramanen dituzte; informazio osoa eman diegu», aipatu du Atherbea elkarteko koordinatzailea den Denis Boutinek.

Kazetak azaldu duenez, errefuxiatu batzuk Pirinio Atlantikoetan egonen dira eta beste batzuk Estatu frantsesean. «Bizitegi bat ukanen dute eta zerbitzu sozialek kasu bakoitza segituko dute», adierazi du koordinatzaileak.

Lehen errefuxiatuak otsailaren 8an abiatuko dira eta ondokoak 12an. Hogeita hamazortzi errefuxiatuk utziko dute orotara Baxe Nafarroa.

Hiru hilebete inguru eman dituzte errefuxiatuek Baigorrin. Azaroaren 20an iritsi ziren lehenak.