NAIZ
BILBO

«Espetxeak husteko eta etxera itzultzeko garaia» dela aldarrikatu dute EH Bildu eta EH Baik

Euskal Herria Bilduk eta EH Baik, ohar bateratu baten bitartez, igandean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. «Espetxeak husteko eta etxera itzultzeko garaia da», nabarmendu dutenez.

EH Bilduk eta EH Baik babesa agertu diote ‘Amnistiaren norabidean, euskal preso eta iheslariak etxera’ lelopean igandean, 12.00etan, Bilbon egingo den manifestazioaren deialdiari.

Gogoratu dutenez, preso eta iheslari ohiek Usurbilen egin zuten agerraldiaz geroztik goraka egin dute atxikimenduek eta jada 1.500dik gora daude.

Aieteko Adierazpenetik eta ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik lau urte igarota, azpimarratu dute «hamaika izan direla konponbidearen bidean, Euskal Herrian eta gure herritik kanpo bakean eta elkarbizitza eraikitzearen alde egindako urratsak, adierazpenak eta ekimenak».

«Euskal Herriaren gehiengo zabal batek ere, bakean eta elkarbizitza demokratikoan sakontzeko eta aurrera egiteko desioa eta borondatea adierazi ditu eta horren adibide dugu, joan den urtarrilean Baionan eta Bilbon egin diren manifestazioak», gaineratu dute.

Aitzitik, Estatu espainol zein frantsesak blokeo egoeran segitzen dutela adierazi dute, horren erakusle gisa egun aplikatzen den espetxe politika aipatuz.

«Presoena, deportatuena, iheslariena –azaldu dute– ez da bakarrik beraien esku geratu behar den afera. Guztioi eragiten digun kontua da. Espetxeak husteko ordua heldu da, etxera bueltatzeko ordua da. Horregatik, konponbiderako garaia dela ulertzen dugun eragile politiko eta sozialek konpromiso eta esfortzuak biderkatu behar ditugu erresoluzioaren bidean urratsak egiteko amaieraraino eraman arte».

Hori dela-eta, manifestazioan parte hartzeko deia berretsi dute.