Aimar Etxeberria Korta

Mendiaren historia bildu

Harreman estua eta antzinakoa da euskal herritarrek mendiarekin dutena. Horrek, urteen poderioz, hainbat material sortzea eragin du: argazkiak, dokumentuak, kirol materiala... Bada material hori guztia jaso, kontserbatu, zaindu eta erakusteko bat egin dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta EMMOA Fundazioak.

Euskal mendizaletasuna babesteko». Hala bataiatu dute EMMOA Fundazioak (Euskal Mendizaletasunaren Museoa) eta Aranzadi Zientzia Elkarteak sinatu duten hitzarmena, iragan asteko asteartean, zientzia elkartearen egoitzan, eginiko agerraldi batean izenpetu zutena.

Jokin Otamendi Aranzadiren lehendakariordea, Txomin Uriarte EMMOA Fundazioaren lehendakaria eta Joseba Ugalde Euskal Mendizale Federazioko lehendakaria izan ziren hitzarmena izenpetu zutenak, baina agerraldian izan ziren, besteak beste, Gregorio Ariz, Pili Ganuza, Juanjo San Sebastian edota Alex Txikonen mailako hainbat euskal mendizale ere.

Hitzarmena, beraz, memoria historikoan espezializatua dagoen elkarte batek eta Euskal Mendizaleen Federazioaren babespean mendiak utzi duen ondare historikoa biltzeko asmoz jaio den fundazioak sinatu dute. Helburu nagusia 100 urtez baino gehiagoz alpinistek, eskalatzaileek, eskiatzaileek eta abarrek sortutako milaka argazki, dokumentu eta kirol material gorde eta herritarrek kontsultatu ahal izateko moduan jartzea litzateke. Hori, Aranzadik Donostiako Intxaurrondo auzoan izango duen egoitza berrian egin ahal izango litzateke.

Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia elkarteko idazkari nagusiak hartu zuen hitza agerraldian. «Momentu historiko bat» bezala definitu zuen hitzarmenaren izenpetzea, eta akordioa zientzia elkarteak euskal mendizaletasunarekin duen konpromisoak bultzatu duela gaineratu zuen. Zentzu horretan, gogoratu zuen Aranzadi Aralarko mendilerroan jaio zela, hots, betidanik izan dutela harremana mendiarekin, «honen ikerketa zientifikoarekin», zehatzago esateko.

Hitzarmenaren ondorioz, urteetan zehar mendia zapaldu duten belaunaldi ezberdinen «sekretu, usain, bizipen eta abarrak» jaso eta hurrengo belaunaldiei transmititzeko moduan izango dira, Agirreren ustez. Ildo horretan, memoria historikoa jasotzeari dagokionez urteetan pilatutako esperientzia guztia jarriko du EMMOAren esku Aranzadik: «Lagunduko dugu argazki zaharrak jasotzen, testigantzak hartzen, dokumentazioa gordetzen eta, hein batean, modu estandarizatu batean gordeko ditugu». Kontuak kontu, aurreratu zuen jada euskal mendizaletasunaren museoa osatzeko materialen bilketa lan horretan murgilduta daudela, baina ez dute aurreikusten epe laburrean museoa irekitzeko aukerarik. Aurrez aipatu egoitza berria –Intxaurrondon kokatuko dena– Estatu espainiarraren jabegoko eraikin bat da eta Ministro Kontseiluaren sinadura baten esperoan dira espazioaren erabilera Aranzadi Zientzia Elkartearen esku izatera igaro dadin.

Bide luze baten hasieran

Behin martxan, baina, mendiari loturiko ondasunei dagokionez museoa erreferentzia gune garrantzitsu bilakatuko dela adierazi zuen: «Hori da gure apustua. Mendiak ezagutzeaz batera, bertan izan diren mendizaleak ezagutzeko aukera ere emango digu museoak».

Antxon Iturriza mendi-aditu, kazetari eta EMMOAko kideak hartu zuen hitza, berriz, fundazioaren izenean. Honen ibilbide laburra –mendizaletasunak sortutako ondarea kudeatu eta kontserbatzeaz arduratuko zen inolako erakunderik ez zegoela-eta, ekimen partikularrari esker eratu zuten fundazioa– azpimarratu zuen, baina pozik agertu zen Aranzadi bezalako elkarte batekin hitzarmen bat sinatu izanagatik. «Hainbat ate jo ditugu espazio fisiko baten bila, eta gaur, Aranzadi Zientzia Elkartearekin sinatutako hitzarmenari esker, euskal mendizaletasunaren ondarea salbatzeko proiektuak irtenbide bat duela ikusten dugu», adierazi zuen Iturrizak.

«Askotan entzun izan dugu mendia oso garrantzitsua dela Euskal Herrian, mendia kirol bat baino askoz gehiago dela. Ikusi izan dugu nola goraipatzen diren euskal mendizaleen balentriak, Alex Txikonen azkena adibide», jarraitu zuen. Hori hala, balentria horien guztien atzean 40.000 federatuz osatutako kolektibo bat dagoela nabarmendu zuen, «balioa eman behar zaion kolektiboa». Gauzak horrela, oso luzea izango den bide baten hasieran daudela adierazi zuen: «Mendiak asko du honetatik; luzea izango da gaurtik aurrera egingo dugun bidea, eta ez dakigu nora eramango gaituen». Euren egitekoari dagokionez, gordetzeaz gain erakutsi egin nahi dutela esan zuen: «Gure historia kaleratu nahi dugu».

Egin beharreko guztia, baina, Antxon Bandres oroimenean izanik egingo dute: «Ziur naiz bizirik balego bera litzatekeela nire tokian legokeena, tribuna honetatik berriketan. Bizirik balitz, ziur naiz bera litzatekeela garatzen ari garen proiektu honen bultzatzaile nagusia».

Esanahiz beteriko ondasunak

Euskal mendizaleek urteetan zehar sortu eta pilatu dituzten argazki, dokumentu eta kirol materialen donazio bidez funtzionatuko du museoak. Hala, eta Juantxo Agirreren esanak baieztatuz, agerraldia bera nolabaiteko donazio gune bilakatu zen. Hasieran aipatu dugu hitzarmenaren izenpetzean presente zirela hainbat mendizale ere, bada, horietako batzuek eurentzat esanahiren bat duten elementuak donatu zituzten.

Horietako bat izan zen Gregorio Ariz, Nafarroatik Himalaiara egiten ziren espedizioen buruetako bat. Bi ondasun historiko donatu zituen. Batetik, 1979ko maiatzaren 12an Dhaulagiriko gaina egin zuen espedizioari Nepalgo agintariek emaniko baimen orria. Horrekin batera, gailurra egin izana aitortzen zuen agiri bat ere donatu zuen. Baina, bestetik, eta aipatu espedizioari lotuta, bitxikeria bat ere kontatu zuen. Tontorrera iristean eskutitz bat aurkitu zuten, plastiko baten barruan sartua. Bost orrialdeko eskutitz bat zen, japonieraz idatzia. Eskutitzarekin batera bi argazki zeuden, eurak igo aurreko urtean gailurra egin zuen espedizioko bi taldekiderenak. Guztia hartu eta behera jaitsi zuten, bestelako tontorretako buzoietan aurkitzen zituzten gauzekin egin zuten bezala. «Behin Iruñera iritsita, eskutitza itzuli eta ohartu ginen, agian, ez genuela ongi egin jaistearekin. Eskutitzak zioen bi argazki haiek gure aurreko espedizioko partaide ziren baina gailurra egin ez zuten –entrenamendu saioetan bizia galdu zuten– bi mendizalerenak zirela. Euren familiak espedizioaren esku utzitako bi argazki ziren, tontorrean lurperatuak izan zitezen», azaldu zuen Arizek. Gauzak horrela, eta eskutitzak igorlearen helbidea zuela jabetuta, argazkiak bueltan bidali zituzten, mezu gehigarri batekin: «Esan genien, eurek hala nahi izanez gero, argazkiak tontorrera bueltan eramateaz arduratuko ginela. Ez genuen erantzunik jaso, beraz, argazkirik gabe baina eskutitzarekin geratu ginen».

Espedizio hartako kide zen Pili Ganuza ere, 8.000 metroko gailur bat egin zuen lehenengotariko emakumea izanik. Kranpoi batzuk utzi zituen museoaren esku, Pirinioetako eta Alpee-tako gailurrak egiteko erabiltzen zituen kranpoiak. Kranpoi parearen berezitasuna da lagun batek oparituak izan zirela, mendi tontorrak zapaltzeko gogoa bai baina diru nahikorik ez zuela-eta. «Pirinioetako gailur aunitzetan egon dira. Niretzako oso garrantzitsuak dira eta hemen geratzea nahiko nuke», adierazi zuen Ganuzak.

Donazio hunkigarriena, baina, mendian bizia galdu zuen Miriam Garciaren amarena izan zen. Hasteko, esan zuen bera ez zela mendizalea, eta gaineratu bere alabaz hitz egitea asko kostatzen zaiola: «Gaur, baina, gauza bat soilik ekar nezakeen: bere mendiko federatu txartela. Egun batean, bere gauza guztiak ekartzeko eskatzen didatenean, ekarriko ditut. Bere federatu txartela, bere zenbakia zen nik ulertzen ez nuen hori. Nik ez daukat –jarraitu zuen– mendiarekin lotutako kontakizunik. Mendiarekiko neukan interes bakarra nire alaba bertara gehiago ez joatea zen. Kuriosoa da. Nik nire ondoan nahi nuen nire alaba, bestelako giro batean, baina esan beharra daukat Miriam mendiarentzako jaioa zela. Egiaz, mendiaren zati bat zen nire alaba, nirea baino gehiago».

Juanjo San Sebastianek, aldiz, polar bat utzi zuen museoaren esku, K2 mendiko gaina zapaldu zueneko botak zakarrontzira bota ostean: «Duela sei bat urte edo obrak egin genituen etxean. Halakoetan gertatzen den legez, gauza zaharrak botatzeari ekin genion. Tartean ziren K2 mendira igo nintzeneko bota parea; guztioi gertatzen zaigun moduan, baina, zaharkituak eta egoera kaskarrean zeuden. Hala bota nituen, nire 8 urteko semearen harridurarako». Jantzi polarrak ere egina zuen K2 mendiko gaina, eta espedizio hartan kide zuen eta bizia galdu zuen Atxo Apellanizen omenez donatu dio museoari.

Alex Txikon izan zen donazioa egiten azkena. Estaka moduko bat donatu zuen, 22 urte zituela Makalura eginiko hiru asteko espedizio batean aurkitu zuena. Azaldu zuenez, 1970. urtean egin zen lehen aldiz gailurra Makalun, espedizio frantziar baten eskutik. Ordukoa omen estaka, mendian gora zela hamabost bat metrora bistatu zuena. Sokatik irten eta haren bila jo zuen zuzenean. Agerraldian egoterik izan ez bazuten ere, Alberto Zerain eta Juanito Oiarzabalek ere izan zuten keinu bat museoarekin. Kranpoi bat donatu zuen Zerainek, eta luzera normaleko bere azken botak Oiarzabalek, hanketako behatzak moztu ostean luzera txikiagoko botak erabiltzen baititu egun.