@arianekamio
Donostia

Nazioarteko txotxongilo jaialdi handiena hartuko dute Donostiak eta Tolosak

Maiatzaren 28tik ekainaren 5era World Puppet Festival jaialdia egingo da Tolosako Topicen eta Donostia 2016ren elkarlanari esker. Hitzorduak munduko txotxongilo ikuskizun onenetako batzuk ekarriko ditu.

World Puppet jaialdiaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZK PRESS)
World Puppet jaialdiaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZK PRESS)

Nazioarteko txotxongilo jaialdirik garrantzitsuena Tolosa eta Donostia artean ospatuko da aurten. World Puppet Festivalek mundu osoko 30 konpainia baino gehiagoren lanak ekarriko ditu Antzoki Zaharrera, Victoria Eugeniara, Gazteszenara, Topicera, Garbera merkatal gunera eta Donostia eta Tolosako kaleetara.

Maiatzaren 28an inauguratuko da jaialdia, Zurriola hondartzako kai muturrean. Bertan, Tol Theatre konpainiak garabi handi bati esker hainbat txotxongilo handi, aktore, bizikleta eta abeslariri hegan eginaraziko die. Abiapuntu ikusgarri horren ondoren abiatuko da bederatzi eguneko jaialdia.
Ekainaren 5era bitarte, kaleko zein aretoetako programazioa izango du jaialdiak.

Horrez gain, UNIMAren (Txotxongiloen Nazioarteko Elkartea) 22. batzarra egingo da eta, EHUrekin batera, sinposio bat ere izango da. Okendo Kultur Etxean, bere aldetik, ‘XX. mendeko maisuak: Espainiako Estatuko Txotxongiloak’ erakusketa izango da.