NAIZ
IRUÑEA

Euskaltzaindiak sei euskaltzain urgazle berri izendatu ditu Iruñean eginiko bilkuran

Euskaltzaindiak sei euskaltzain urgazle berri izendatu ditu Iruñean egin duen osoko bilkuran. Zehazki, Amaia Apaulaza, Xabier Erize, Maite Lakar, Patxi Petrirena, Rosa Ramos eta Castillo Suarez dira euskaltzain urgazle berriak, akademiak jakinarazi duenez.

Iruñeko Udalak harrera egin die Euskaltzaindiako kideei, Joseba Asiron alkatea buru zela. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Iruñeko Udalak harrera egin die Euskaltzaindiako kideei, Joseba Asiron alkatea buru zela. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Nafarroako hiriburuan osoko bilkura egin du Euskaltzaindiak eta bertan sei euskaltzain urgazle berri izendatu ditu.

Joseba Asironek azpimarratu duenez, «ohorea» da euskaldun eta alkate gisa Euskaltzaindia Iruñean hartzea.

Horrez gain, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko konpromiso irmoa adierazi dio Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidenteari.

Zehazki, Amaia Apaulaza, Xabier Erize, Maite Lakar, Patxi Petrirena, Rosa Ramos eta Castillo Suarez dira euskaltzain urgazle berriak.

Sei euskaltzain urgazle berri

Amaia Apalauza Ollo Iruñean jaio zen, 1979an. Euskal Filologian doktorea da, eta Nafarroako hizkerez eta ahozko tradizioez hainbat azterlan egin ditu. Dialektologian aditua, itzultzailea eta EIZIEko zuzendaritzako kidea da. Nafarroako Unibertsitateko Euskara Katedrako irakasle laguntzailea ere bada.

Xabier Erize Etxegarai ere Iruñean sortu zen, 1955ean. Euskal Filologian doktorea da eta soziolinguistikan hainbat ikerlan egin eta argitaratu ditu. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) HIZNET Hizkuntza Plangintza espezializazio graduondoko irakaslea da. Nafarroako Kutxan bi Hizkuntza Garapen arloaren sortzaile eta zuzendaria izan da. Sustapen batzordeko aholkularia eta soziolinguista da.

Maite Lakar Iraizoz Elizondon (Nafarroa) jaio zen, 1978an. Euskal Filologian lizentziaduna da, eta Baztan, Malerreka eta Bortzirietako ahozko tradizioaren eta beste hainbat azterlanen egilea. Irakasle funtzionarioa da Bigarren Hezkuntzan, eta hizkerei buruzko hainbat azterlan egin ditu.

Patxi Petrirena Altzuguren, Sunbillan (Nafarroa) 1963an jaioa, Psikologia ikasketak egin zituen EHUn, eta euskara itzultzaile eta zuzentzaile lanetan hainbat argitalpenen egilea da. Euskaldunon Egunkariaren eta EIMAren estilo liburuetako egilea da, elkarlanean. 2008az geroztik, Elhuyar Fundazioan ari da.

Rosa Ramos Alfaro Iruñean jaio zen, 1966an. Euskal Filologian lizentziaduna, soziolinguistika arloan aditua eta hainbat lanen egilea da. Euskara teknikaria da Berriozarren 1999. urtetik hona. Aurretik Nafarroako beste udalerri batzuetan ibili zen lanbide horretan: Leitza-Larraun-Ultzaman (Imozko Udalak kontrataturik) eta Garesen.

Azkenik, Castillo Suarez Garcia Altsasun (Nafarroa) sortu zen, 1976an. Euskal Filologian lizentziaduna eta idazlea da. Poesian zenbait sari jasotzeaz gain, hainbat liburu eta idazlan ere argitaratu ditu. Zenbait poema sorta argitaratu ditu: ‘Mugarri estaliak’ (2000), ‘Spam poemak’ (2004), ‘Bala hutsak’ (2006) eta ‘Souvenir’ (2008), besteak beste. Haur literatura ere lantzen du. Lanbidez euskara teknikaria da, eta azken hamahiru urteetan Sakanako Mankomunitatean ari da.