NAIZ
DONOSTIA

Otegi: «Ibarretxerekin bizikletan zihoan herri hau, Urkullurekin bizikleta estatikoan»

Independentziaren bidea jorratu egin behar dela eta horrek koste handia izango duela ohartarazi du berriro Arnaldo Otegik Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Ibarretxerekin «herri hau bizikletan» zihoala uste du, baina Urkullurekin «bizikleta estatikoan» eta beraz, «ez gara mugitzen».

Arnaldo Otegi, iragan larunbatean Kursaalen. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Arnaldo Otegi, iragan larunbatean Kursaalen. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Joan zen larunbatean Kursaaleko forumean jorratu zituen hainbat gogoeta plazaratu ditu gaur Arnaldo Otegik Euskadi Irratian, eta horien artean luze mintzatu da prozesu independentistaz, jorratu beharreko bideaz, ibilbide orriaz eta bere zereginaz.

Otegik nabarmendu duenez, Katalunian ez bezala Euskal Herrian «independentziaren bandera» ez da altxatzen, «pultsurik gabe» ikusten du herri hau, «kolonizatua» eta «Madrilera begira, Podemosek zer egingo duen, PSOEk zer egingo duen...». Ibarretxerekin «herri hau bizikletan zihoan, eta Urkullurekin ere bizikletan, baina bizikleta estatikoan, beraz, ez gara mugitzen, eta ‘martxa atras’ ez dagoelako...», bota du. Eta horren ardura «gurea da».

Madrilengandik berak behintzat ez duela ezer espero esan du Otegik, eta «ondorio horietara iristea zaila» dela onartuta –«horrek esan nahi duelako bidea zaila izango dela»–, Euskal Herriak lehenik eta behin «bere burua ispiluaren aurrean» jarri behar duela uste du. «Ikusi zein egoeratan gauden, zer egin behar den...».

Sortuko idazkari nagusiak ohartarazi duenez, independentziaranzko bidea jorratu egin behar da eta «ez da erraza izango», gainera «koste handia izango du, bi estatuak ditugulako aurrean». Bere iritziz, proiektu independentista berri bat jarri behar da mahai gainean, «askatzailea eta erakargarria», eta ibilbide orri zehatz bat antolatu behar da, Kataluniak eman dituen «pistetatik» abiatuta, «konfrontazio demokratikoaren, erakundeen eta masa borrokaren bidez».

Bide hori politikagintzatik, zuzendaritza edo politburoetatik ez baizik eta «behetik gora» egin behar dela eta lan horrek kolektiboa izan behar duela ere esan du Otegik.

Hauteskundeak

Hauteskundeei buruz, berak «aliantza guztiak irekita» ikusten dituela adierazi du, «depende zer egiteko». «Batzuek gobernuan egon nahi dute, edozein dela aliantza; nik ez dut gobernuan egon nahi, nik gobernatu nahi dut, herri hau martxan jarri». Horregatik, bere errezeta «programa, programa, programa» da. Horretan «oso Anguitista» jotzen du bere burua.

Urkullu-Otegi lehiaz galdetuta, lehia pertsonala ez dela azaldu du, baizik eta «proiektu politikoen lehia». «Ez dakit bera kapaz den esateko zein den EAJren proiektu politikoa».

Urkulluk ez dio deitu, EAJk ere ez

Espetxetik atera ondoren Urkulluk edo EAJtik pertsonalki deitu dioten galdetuta, ezetz ziurtatu du elgoibartarrak. «Bakoitzak badaki zer egiten duen eta zer ez», baina bere ustez «gauza bat da lehia politikoa eta bestea giza eskubideen ikuspuntua». Politika egiteagatik hainbat urte espetxean pasa dituen pertsona bati berak behintzat deituko liokeela erantsi du.

Presoen gaiari konponbide integrala

Presoen auzia ere izan du hizpide; legeak ahalbidetzen dituen baliabideak erabilita ere estatuen posizioa ez dela mugituko uste du, nahiz eta «emaitza partzialak» lortuko diren. Horregatik, irtenbide «integral eta eskalonatu bat» aldarrikatu du.

Gutxieneko errelatoa

Gatazka politikoari lotutako «gutxieneko errelatoak» zer jaso beharko lukeen ere itaundu diote Otegiri. «Herri honek ez duela askatasunik ezagutu, herri honetan borroka bat egon dela mendeetan, borroka horrek sufrikarioa sortu duela», erantzun du. Belaunaldi berriei begira, berriz, «utzi beharreko errelatoak esan beharko luke berriz ez dela gertatu behar eta etorkizuneko borrokak giza eskubideak erespetatuz egin beharko direla».