NAIZ
GASTEIZ

Apirilak 2.615 langabe gutxiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Apirilaren amaieran, 195.440 pertsona zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan emanda, aurreko hilabetean baino 2.615 gutxiago, Enplegu Ministerio espainolak emandako datuen arabera.

Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Enplegu Ministerio espainiarrak kaleratutako datuek adierazten dutenez, 2.615 langabe gutxiago utzi ditu apirilak Hego Euskal Herrian.

Jaitsierarik nabarmenena Nafarroan eman da, %2,81ekoa, martxoko datuekin konparatuta, 1.240 lagun gutxiago baitzeuden enplegu bulegoetan izena emanda. 2015eko datuekin konparatuz, 3.491 langabe gutxiago daude Nafarroan, %7,53 gutxiago.

Araban, %1,09koa izan da jaitsiera apirilean, 276 pertsona gutxiago ari baitziren lan bila. Iazko hilabete berarekin alderatuta, jaitsiera %8,78a izan da (2.399 pertsona).

Bizkaian ere %1,09koa izan da jaitsiera, 843 lagun atera baitira enplegua bilatzeko zerrendetatik. Iazko zenbakiekin konparatuz gero, tasak %8,70 egin du behera (8.203 lagun).

Gipuzkoan, aldiz, aurreko hilabetean baino 256 lagun gutxiago zeuden enplegu bulegoetan izena emanda, hau da, %0,61 gutxiago. Iazko datuak ikusita, jaitsiera %9,34koa izan da (4.278 pertsona).

Guztira, 195.440 lagun zeuden apirila bukaeran Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda.

Estatu espainiarrean, %2,04 egin zuen behera langabezia erregistratuak apirilean (83.599 pertsona). Guztira, 4.011.171 langabe daude.