NAIZ
BILBO

Arcelorren proposamenak ziurgabetasuna eragiten duela uste dute Sestaoko langileek

Sestaoko ACBko beharginek adierazi dute Arcelor Mittalek uztailetik aurrera asteburuetan lantegia martxan jartzeko proposamenak ziurgabetasuna eragiten duela eta langileen planteamenduetatik urrun dagoela.

Sestaoko ACB lantegia. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Sestaoko ACB lantegia. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

ACBko enpresa batzordeak Efe agentziari azaldu dionez, enpresak industria plan bat jarri du mahai gainean, zeinaren arabera lantegia uztailean zabalduko litzateke, baldintza batzuen pean, tartean asteburuetan bakarrik lan egitea planteatzen duena.

Faltako litzateke, esan dutenez, enpresak hilaren 12an langileen esku utziko duen plan soziala.

Balorazio osatua egiteko plan soziala jasotzeko zain dago enpresa batzordea, baina hala ere nabarmendu dute orain arte enpresak adierazitako planak urrun daudela beraiek azaldutakoetatik. Horien arabera, «tonak bateratuko» lirateke –60.000 tonatara iritsi arte– eta hilabete oso bat lan egingo litzateke.

Langileek argitu dute inoiz ez dutela proposatu asteburuetan lantegia irekitzeko aukera. Ildo horretan, enpresaren planak –asteburuetan funtzionatuz 10.000-12.000 tona produzitzea– lantegia gutxi ekoiztera «kondenatzen» duela azaldu dute.

Proposamenak «ziurgabetasu handia» eragiten duela azpimarratu dute, «tona horiek produzitzeko langile guztiak ez direlako beharrezkoak».

«Itxieraren aurreko urratsa»

Enpresa batzordean LAB ordezkatzen duen Jose Luis Pascuasek azpimarratu du Arcelor Mittalen proposamena «itxieraren aurreko urratsa» dela eta, horregatik, Lakuak plan horri uko egin diezaiola espero duela adierazi du.

Gaineratu du ezin zaiola laguntzarik eman «inolako bermerik eskaintzen ez duen plan bati».

Enpresaren proposamen osoa jaso eta baloratu arte mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dutela adierazi du Pascuasek.