Ariane KAMIO
GERNIKA

Hemingway Euskal Herrian

Euskal Herriarekin harreman berezia izan zuen Ernest Hemingwayk. Donostiako Santa Klara irlatik izan zitekeen, edo Bilboko kale ertzetatik. Iruñetik ere bai, noski, baina ez zen izan zezenketa eta San Fermin jaiena bere bizipen bakarra. Ikusi zuen paisaiaz idatzi zuen, sentitu zuenaz, baita Gernikatik iritsitako oihartzunez ere.

«Euskaldunak miretsi egin zituen eta Txingudiko badiaren ingurua paradisua zen beretzat». 1920ko hamarkadan iritsi zen lehenengoz Ernest Hemingway (Oak Park, Illinois, 1899-Ketchum, Idaho, 1961) Euskal Herrira eta arrazoi bat baino gehiago bildu zuen hura bere igaroaldi bakarra izan ez zedin. 1923an izan zuen lehenengoa, eta hurrengo urtean errepikatu zuen berriro. 1925, 1926, 1927 eta 1929an ere itzuli zen; 1931n ere bai. 36ko Gerran kazetari aritu zen Estatuan zehar, eta gerora bueltatu zen ostera. 1959an izan zuen azken aldia Euskal Herrian. Eta Euskal Herrian esaten denean ez da soilik Iruñeko perimetroa ituan jartzen, Lapurdiko kostalderaino luzatu baitzen Hemingwayk euskal paisaiarekiko zuen maitemina. «Faxistek beraientzat hartu zuten Hemingway. Falangistek bereganatu zuten eta mugatu egin zuten zezenetara, ‘viva España’-ra eta ardo edanera». Edorta Jimenezek, idazle estatubatuarraren obran adituak, egin ditu argipenak. Bera izaten ari da, hain zuzen, National Geographic-en “Traveler” aldizkariaren izenean Hemingwayren arrastoaren atzetik etorri diren bi kazetari txinatarren euskal gida. Iruñean hasi eta Donostia, Gernika, Mundaka, Urdaibai, Gasteiz eta Bilbo zeharkatuko dituzte bira horretan. Argi, baina, idazlearen arrastoa ez dutela soilik Euskal Herrian bilatuko, Andaluziako Rondatik hasi, Madrildik igaro eta Errioxa ere hartzen duen ibilbidea baita egiten ari direna. Gu, ordea, geurera. Hain zuzen, Hemingway ez zela soilik zezenketa eta mozkor arteko idazle sutsua izan.

Kontxako badian. Hondartzara jaitsi. Igerian hasi. Eta Santa Klara irlaraino heldu. «Olatuetaraino joateko tentazioa izan zuen, baina indarrik gabe geratzearen beldur zenez, denbora luzez egon zen eserita Donostiako paisaiari begira». “The Sun Also Rises” (1926) lana –“Fiesta” gaztelaniazko bertsioan– Gipuzkoako hiriburuan amaitzen da, hain zuzen ere, hiriaren deskribapen batekin. «Donostia izan zen berarentzat atsedenerako eta idazteko leku bat. Ondo sentitzen zen tokian idatzi egiten zuen, idazle gehienok bezala». Hendaia, Biarritz, Baiona, Donibane Lohizuneko Bar Basque...

Bilbori ere eman zion garrantzia. 1931n ikusi zuen lehenengoz. “Death in the Afternoon” (1932) laneko eszenak idazteko baliatu zuen egonaldi hura.

Kuban urteak eman zituen Hemingwayk, eta gerraosteko abertzale deserriratuekin eta Amerikara bizimodu bila ateratako pilotariekin harreman estua egin zuen idazle estatubatuarrak, gehienak bizkaitarrak. Felix Areitio pilotaria, Andres Untzain abadea edo Juan Duñabeitia kapitaina bere zirkulu gertukoena bihurtu ziren.

Gerraostean, 50eko hamarkadan Euskal Herrira itzulita, idazten jarraitu zuen. “The Dangerous Summer”-en (1960) Bilbori egingo dio berriro erreferentzia. Eta hil ondorenean argitaratu ziren lanetan ere, “Islands in the Stream” (1970) kasurako, hiru zatiko lana, euskaldunak ditu protagonista azken atalean. «Hemingwayren errelato erdi biografikoa da eta berarekin agertzen diren pertsonaia gehienak euskaldunak dira».

«Gogoan izan Hemingwayk oso liburu gutxi idatzi zituela –ohartarazi du Jimenezek–, eta guztiak sortu zituela AEBetatik kanpo. Guri, bederen, leku egin zigun lau liburutan». Bere obraren zati handi bat munduan zehar egindako bidaietan edo izan zituen bizileku anitzetan ondu zuen. “A Farewell to Arms” (1929) Italian idatzi zuen; “For Whom the Bell Tolls” (1940) Madril eta Segovia artean; “To Have and Have Not” (1940) Karibe aldean; eta “Across the River and into the Trees” (1950), Venezian.

Gerraren garrantzia

36ko Gerrak garrantzi berezia izango du Hemingwayren literaturan. 1937an iritsiko da lehenengo aldiz Madrilera. North American News Agency-rako (NANA) arituko da lanean kazetari moduan. Martha Gellhornekin egingo du egonaldia, bere hirugarren emaztearekin (lau alditan ezkondu eta hiru seme izan zituen Hemingwayk). Molaren erasoaldiarekin kointziditu zuen. «Berak jarraitu zuen eta ‘For Whom Bell Tolls’ lanean badaude horren oihartzunak. Izan ere, gerrak une horretan beste norabide bat hartu zuen».

»[...] 37ko martxoa aldera ailegatu zen, justu Guadalajarako bataila amaitu berritan. Galdu egin zuten faxistek, eta biharamunean ekin zioten Bizkaiko frontea erasotzeari. Gernikako bonbardaketa ere Espainian zegoela bizi izan zuen, Madrildik», gaineratu du ohar gisa Jimenezek.

Hain zuzen, Gernikan gertatzen ari zenaren informazioa Andres Untzainen bitartez –bere laguna Kuban eta konfesorea, «berak deitzen zion manager espirituala edo ‘don black’»– jaso zuen susmoa du idazle mundakarrak, Sasetaren batailoiko kapilaua baitzen eta Gernikan baitzegoen bonbardaketaren egunean, 1937ko apirilaren 26an. «Litekeena da Untzain Gernikan egon izana egun horretan eta Gernikan izan ez bazen, Mundakan edo inguruetan egongo zen, handik kilometro gutxira».

 

Bonbardaketaren berri

Baina ez zen hori bere balizko informazio iturri bakarra. Bere lagun Robert Cappa ere Bilbon zegoen 1937ko udaberri hartan, Hemingway Madrilen dagoen bitartean. «Hamabost-hogei bat egun egin zituen Bilbon». Den-dena jaso zuen Nobel Sari estatubatuarrak bonbardaketaren inguruan; «gerrako edozein gai maite zuen». Urte hartako ekainaren 4an testu bat idatzi zuen, «eta esaten zuen gauza bat dela Gernika bonbardatzea eta beste bat Bilbo menderatzea –artean Bizkaiko hiriburua mendean hartu gabe zegoen–».

Gerraosteko urteetan, Kuban bizimodua finkatuta, bertan ezagutu zituen euskal abertzale errepublikazaleekin harreman estua mantendu zuen; Untzain edo Duñabeitia dira horren adibide nagusi. Bigarren Mundu Gerran, Kubatik bertatik, kontraespioitza lanak egin zituen baita ere. Horri guztiari buruzko lehen eskuko informazioaz jantzi zuen Edorta Jimenezek berak “Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan” (Susa, 2003) saiakera. «Berarentzat heroiak ziren». Ernest Hemingwayren arrastoaren atzetik etorritako bi kazetari txinatarrek Iruñean eta Donostian egin zuten geldialdia asteburuan eta Gernikan izan ziren atzo. Beste arrasto bat batu zitzaien bidean; John Hemingway, idazlearen biloba. Bidaide izango dute ordu batzuez, gaur ere Gasteizen haiekin izango baita.

Atzo, Gernikan, Picassok margotutako koadroaren erreplikaren aurrean hitzordua. Hemingwayk berak bere amaginarrebari idatzitako eskutitza –goiko lerroetan irakurgai dagoena– atera zen bere ahotik. Pauline Pfeiffer bigarren emaztearen amari zuzendu zitzaion Hemingway ordu hartan. «Saint Louise, Missourikoa zen, eta oso katolikoa». Goitik behera sinetsia zuen emakume hark «gorriak» izan zirela Gernika bonbardatu zutenak, eta horren haritik idatzi zuen gutuna.

Iruñea, Donostia, Gernika, Bermeo, Mundaka, Urdaibai... Andres Untzainen aldeko errespontsua egitekotan ziren atzo arratsaldean Mundakako hilerrian. Gaur Gasteizera. Goizean hiriburuan bisita eta bazkalostean Santa Isabel hilerrira. Paco Garayren hilobian gauza bera, John Hemingwayrekin hor ere. Eta ostegunean amaiera, Bilbon.

Bizipen propioei bide emanda sortu zituen Hemingwayk bere ibilbideko obrarik gehientsuenak, ikusitakoa eta bizitakoa eraman zuen paper gainera idazle estatubatuarrak. Eta bere lana nazioartean goretsi da XX. mendean. Literatura Nobel Saria jaso zuen 1954an. Eta anekdota gisa: «Jose Artetxe, faxista hutsa baina euskaltzalea, 1959an Maria Cristina hotelera joan zitzaion Hemingwayri eta esan zion euskarara itzulita zeukala ‘Agurea eta itsasoa’, eta bere eskubideak eman zizkion». Itxaropenak argitaratu zuen 1963an. Hamar urte lehenago Pulitzer saria eman zioten lan berberagatik. Kuban idatzi zuen, hertsiki lotu zitzaizkion euskaldun haiek ezagutu zituen paraje berberean. Topiko egin diren zezen eta ardo jaialdietatik urrun.

 

Hemingway on Gernika

Espainiar gobernuak nazioarteko bolondres guztiak kanpora bota zituen aldi berean italiarrek beste tropa berri batzuekin, artilleriarekin eta hegazkinekin parte hartu zuten, eta orduantxe itxi zen Frantziarekiko muga Chamberlainek eta Daladierrek hornituriko artilleria eta munizioa sar ez zitezen. Eta zera, badakit horretaz berba egitea alferrik dena baina, "Sunday Visitor" horretan irakurri nuenean zer zioten gorrien ankerkeriez, espainiar gobernu “komunistaz" eta guda orain baino zenbait hilabete lehenago amai zezakeen Franco izeneko jeneral baten gizatasunaz, zeinak ziurrenik ez zuen horrela egin, zeren eta populazio zibilari kalte egitearen beldur zen, batik bat ikusirik herriak eta herriak hondakindegi huts bihurtu arte, suntsitu arte, behin eta berriro bonbardatuak zirela, ikusirik horietako herritarrak erailik zirela, kaminoetan aurrera ihesean ilara luzeak osatuz zihoazen aterpe gurakoak behin eta berriro ametrailatuak zirela, zera, zer esango dizut, ez du merezi. Orain ostera egundoko ahalegina egiten ari dira Francok sekula ere ez zuela Gernika bonbardatu. Gorriek suntsitu zuten bonbakadan bonbakadez, horra. Tira, ez nintzen izan Gernikan, bai ostera Mora del Ebron, Tortosan, Reusen, Tarragonan, Sagunton eta beste hainbat herritan noiz eta Francok orain Gernikan sekula egin ez duena dioen berbera egin zuenean. Horrek guzti horrek orain, zertarako balio du baina? Gerran zarela egin zenezakeen bakarra hartan nagusitzea da. Traizionatua izan zarenean, hamaikatxo aldiz eta makina bat eratara saldua izan zarenean, ez diozu zertan aurka egin zutaz esango diren gaiztakeriei ez eta zutaz zabalduko diren era guztietako gezurrei.

*Ernest Hemingwayren gutuna bere bigarren emaztearen ama MRS. Paul Pfeiffer-i. Key West, 1939ko otsailaren 6a.