NAIZ
DONOSTIA

Mikel Laboari buruzko webgunea aurkeztu dute

Mikel Laboaren biografia, diskografia eta abestien informazioa eta musikariari buruzko hemeroteka biltzen duen webgunea aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrak.

Mikel Laboari buruzko webgunearen aurkezpena Donostian egin dute. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Mikel Laboari buruzko webgunearen aurkezpena Donostian egin dute. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Mikel Irizar Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusiak, Juan Cruz Igerabide Mikel Laboa Katedrako zuzendariak, Marisol Bastida musikariaren alargunak eta Itziar Zubizarreta webgunearen koordinatzaile eta edukien egileak aurkeztu dute www.mikellaboa.eus ataria.

Webgune honek Laboaren biografia, haren diskografiaren eta kantei buruzko informazioa biltzen ditu, bai musikari dagokionez, bai erabili zituen testuei dagokionez. Gainera, hemeroteka zabal bat ere aurki daiteke, musikariari buruzko iritzi, kritika eta beste zenbait gorabeherarekin. Itziar Zubizarretak koordinatu du webgunea eta Itxaso Mezzacasa izan da diseinatzailea eta informatikaria.

Informazio iturri nagusia Marisol Bastida izan da, Laboaren alarguna. Jose Luis Zumetaren irudiak erabili dituzte eta Elkar eta Eresbilen laguntza «ezinbestekoa» izan da hala dokumentazioa nola diskofrafia antolatzerakoan.

Bestalde, Mikel Laboa Katedrak egin duen aurtengo ikerketa eta sormen lanerako beken deialdien berri ere eman dute agerraldian. Zehazki, tesiak egiteko kontratu bat, ikerketa monografikoak egiteko hiru beka eta sormen lanerako bi diru laguntza deitu dituzte.