NAIZ
ATENAS

Idomeniko kanpalekua guztiz hustu dute eta aurki Ellinikon gauza bera egingo dute

Greziako Poliziak guztiz hustu du Mazedoniako mugan zegoen Idomeniko errefuxiatuen kanpalekua. Hurrengo pausua Ellinikoko kanpalekua hutsaraztea izango dela jakinarazi dute.

Idomeniko kanpalekua guztiz hustu dute. (Yannis KOLESIDIS/AFP)
Idomeniko kanpalekua guztiz hustu dute. (Yannis KOLESIDIS/AFP)

Greziako Gobernuak jakinarazi duenez, guztira 3.187 errefuxiatu eraman dituzte autobusez Tesalonikan dagoen kanpaleku ofizial batera. Beste 3.000 errefuxiatu inguruk beren kabuz egin dute alde Idomenitik eta inguruetan ezkutatu dira, beste kanpaleku batzuetan harrapatuta gelditzeko beldurra dela-eta.

Haiek ere laster zentro «antolatuetara» eramango dituztela gaineratu du Herritar Alternatiboen Babeserako ministro Nikos Toskasek, ‘Khatimerini’ egunkariak jasotako adierazpenetan.

8.500 errefuxiatu inguru hartzen zituen Idomeniko kanpalekua itxita –uneren batean 12.000 ere izan ziren bertan–, laster gauza bera egingo dute Atenasen dagoen Ellinikon.

Inmigrazio Politikako ministro Yiannis Mouzalasek azaldu du kanpaleku horretako baldintzak «ez direla desegokiak», baina onak ere ez direla.

Parlamentuan azpimarratu du «lehentasuna» dela kanpaleku hori ixtea, nahiz eta ez duen zehaztu noiz gertatuko den hori.