NAIZ

Nibalik irabazi eta Chavesek maglia arrosa jantzi du, Kruijswijken erorikoa eta gero

Mikel Nieve leitzarra bigarren sailkatu da Alpeetako lehen etapa handian, Kruijswijken erorketak markatutako egunean. Agnellon behera elurrezko pareta baten aurka joan da holandarra eta maglia arrosa galdu du, zein Esteban Chavesen soinean dagoen orain. Nibalik etapa irabazi du eta azken garaipenaren lehian sartu da. (Giroko sailkapenak).

Nibalik Giroa irauli du 19. etapan. (Luk BENIES / AFP)
Nibalik Giroa irauli du 19. etapan. (Luk BENIES / AFP)

Giroko mendiko etapa handiek beti uzten dituzte ezustekoak, eta gaurkoa ez da desberdina izan. Pinarelo eta Risoul artean 162 kilometro bete behar zituzten gaurkoan. Risouleko amaieraz gain, tartean Agnello mendatea gainditu behar izan dute, aurtengo ‘Cima Coppi’, bere 2.744 metroekin.

Eta gorakoan ikuskizuna eman baldin badute, beherakoak markatu du etapa, eta agian baita Giroaren azken sailkapena ere. Orain arte Steven Kruijswijk holandarrak argi utzia zuen bera zela indartsuena eta Agnellon gora ere hala agertu da, Chaves eta Nibaliren mugimenduei erreztasunez erantzunez. Gehiago sufritu dute Valverdek, Majkak eta Zakarinek, zeintzuek minutu inguru galtzen zuten elur pareten artean.

Ordurako, aurretik, ihesaldi handi bat egina zegoen. Tartean Mikel Nieve leitzarra eta Michelle Scarponi italiarra, besteak beste. Astanako txirrindularia lasterketa buruan geratu da, eta bertan zen etapa irauli egin denean.

Jaisten hasi bezain laster gaur arteko liderra elur edo izotz pareta baten aurka joan da eta Nibali eta Chaves aurretik joan zaizkio. Atzetik zetozen Valverde, Majka eta Zakarinek ere holandarra gainditu egin dute. Bakarrik, taldekiderik gabe, segunduak bata bestearen atzetik galtzen hasi da. Baina ez da erori den bakarra izan. Zakarin pixkat beherago joan da lurrera, eta oraindik zorte okerragoarekin. Lepauztaia hautsi eta etxerako bidea hartu behar izan du.

Chaves eta Nibalik ihesaldian zihoazen taldekideak aurkitu dituzte aurretik. Scarponi gelditu egin da buruan zihoanean eta lanean jarri dira. Horrela hiru minutuko errentarekin iritsi dira azken mendatera. Nibalik galduta zuen Giroa iraultzeko aukera ikusi du eta ez du galdu. Behetik hasi da jotzen, eta azkenean Chaves bera ere lehertu egin du. Nieve haiekin batera ibili da, eta azkenean berak ere kolonbiarra gainditzea lortu du, baina ez da siziliarraren gurpilera iritsi eta bigarren sailkatu da etapan.

Biharko etaparen aurretik, Chaves da lider berria eta 44 segunduko errenta dauka Nibalirekiko. Kruijswijk hirugarren dago 1:05era. Larunbateko etapak 134 kilometro ditu soilik, baina metro lau bakar bat ere ez. 2.000 metrotik gora dauden Col de Vars, La Bonette (2.715 metro) eta Sant'Anna di Vinadio mendateak gainditu beharko dituzte, azken garailea erabakitzeko ibilbide ezin aproposagoa.