NAIZ

Iker Irribarria, historiako txapeldun gazteena (13-22)

19 urterekin irabazi du Aramako pilotariak buruz buruko lehen txapela. Urrutikoetxeak ez dio inongo erraztasunik eman, baina Irribarriak sekulako jotzailea dela erakutsi du.

Irribarria, txapelarekin. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)
Irribarria, txapelarekin. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

Iker Irribarriak erakustaldi berri bat eman du finalean eta historiako txapeldun gazteena bilakatu da. Ruben Belokik 1995ean irabazi zuen 20 urterekin eta Irribarriak 19 urterekin sekulako txapelketa jokatu du Aramako pilotariak txapela lortu arte. Izan ere, gipuzkoarrak atarikotik hasi behar izan zuen Buruz buruko txapelketa eta hiru txapeldun gainditu behar izan ditu.

Txapeldun izandako Olaizola eta Bengoetxea gainditu ostean, egungo txapelduna den Urrutikoetxea gainditu du finalean merezimendu osoz. Bizkaitarrak partida serioa eta ona jokatu du, baina Irribarriak kolpe ikaragarria dauka eta sufritzea egokitu zaion unetan, aurrera ateratzen asmatu du.

Partida hasieratik aurreratu da markagailuan txapeldun berria. Oreka izan da nagusi partida erdirarte, nahiz eta Irribarria beti aurretik joan den hiru-lau tantutako abantailarekin. Azkenean ordea, Urrutikoetxeak amore eman behar izan du eta 13-22 irabazi du Irribarriak.