NAIZ
DONOSTIA

‘Zazpi Haizetara’ aldizkarian argitaratutako erreportaje bat saritu du Lleidako Diputazioak

Oriol Clavera fotokazetariak Lleidako Seu Vellaren inguruan ‘Zazpi Haizetara’ bidaietako aldizkarian argitaratutako erreportajeak ‘Pica d'Estats’ sarietako bat jaso du.

‘Zazpi Haizetara’ bidaietako aldizkaria, euskara hutsean argitaratzen den bakarra, Lleidako Diputazioak ematen dituen ‘Pica d'Estats’ sarietako bat jaso du.

Hain zuzen, Oriol Clavera fotokazetariaren ‘Seu Vella. Terra Fermako talaiaria’ izenburupeko lanak argazki erreportaje onenaren saria jaso du. 5.000 euroko saria jasoko du Claverak.

«Bisualki oso erakargarria den erreportajea osatu du irabazleak, argazki ikusgarriekin», azpimarratu du epaimahaiak.

‘Pica d'Estats’ nazioarteko turismo sarien 27. edizioa izan da aurtengoa eta jada sona handia du turismo kazetaritzaren alorrean, nazioarte mailan ere, antolatzaileek azaldu dutenez.

‘Zazpi Haizetara’ euskara hutsean ekartzen ditu munduko eta bertako proposamenak, begirada propioz eta informazio landuz. Hilero kaleratzen du Astero argitaletxeak eta urtean lau aldiz GARArekin batera banatzen da doan.