NAIZ
PARIS

Andre Greipelek irabazi du Tourreko azken etapa; Chris Froomek sailkapen nagusia

Andre Greipel alemaniarrak irabazi du Tourreko azken etapa esprintean Saganen aurretik amaituta. Sailkapen nagusia, berriz, Chris Froome britainiarrarentzat izan da. [Ikusi hemen Tourraren inguruko xehetasun guztiak]

Tourreko azken etapako irabazlea, Andre Greipel. (Lionel BONAVENTURE/AFP)
Tourreko azken etapako irabazlea, Andre Greipel. (Lionel BONAVENTURE/AFP)

Eliseoko Zelaiek agur esan diote 2016ko Tour honi, Sky taldeak goitik-behera kontrolatu duen Tourrari. Ohiko bidetik joan da azken etapa; lasai egin dituzte lehen kilometroak, harik eta zirkuituan sartu eta helmuga gerturatzen joan den arte.

Izan dira Lutsenko eta Van Avermaet bezalako txirrindulari ausarten batzuk, esprinta ekidin nahi eta urrutitik ahalegindu direnak. Tropelak, baina, kontrolpean izan du une oro lasterketa eta azkarrenen artean erabaki beste irtenbiderik ez du izan.

Esprinterrek hainbat arazo izan dituzte gaurko egunean zehar: Kittelek zulatu bat izan du 30 kilometroren faltan eta, nahiz eta tropelera batzeko arazorik ez duen izan, ezin izan du garaipena lortu. Arazoak izan dituen bestea Coquard izan da; zulatua izan du oso kilometro gutxiren faltan.

Hori hala, Andre Greipel alemaniarrarentzat izan da Tourreko azken etapa, bere lehena aurtengo edizioan. Beti aurrean ibiltzen den Saganek egin du bigarren (mailot berdea irabazi du), eta Kristoffek hirugarren.

Sailkapen nagusiari dagokionez, berriz, ustekaberik ez: bere hirugarren Tourra irabazi du Froomek. Bigarren izan da Bardet, eta hirugarren Quintana.

Ikusi hemen 2016ko Tourrak utzi duen xehetasun guztiak.