Gotzon ARANBURU

Yartu elkartea

Bilbon edo Iruñean, bai. Eskura. Zinea, antzerkia, erakusketak, hitzaldiak… denetariko eskaintza kulturala herritarrentzat, nahi duenak baliatu ahal izateko. Baina, herri txikietan? Hiriburuetatik urruti dauden berrehun edo bostehun biztanleko herrietan, nola eskaini kultur aukerak? Ez bakarrik kanpora irtenda, herrian bertan ere kultur eta gizarte ekitaldiak antolatuta, jakina, eta bide batez biztanleen arteko harremanak sustatuz. Ezkio-Itsaso gipuzkoarra izan da arazo horri heltzea erabaki dutenetako bat, Yartu elkartearen bidez. Joan den asteburuan Lapurdira txango kulturala egin du Yartuk eta NAIZ izan dute bidaide.

Ezkiotarrak eta itsasoarrak, Urruñako elizan. (Gotzon ARANBURU)
Ezkiotarrak eta itsasoarrak, Urruñako elizan. (Gotzon ARANBURU)

«Zentzu zabalean ulertzen dugu kultura. Hasteko, geure herria ezagutzea dugu helburu, natura, arkitektura… Ez bakarrik ezagutzea, baizik eta balioztatzea eta iraunaraztea. Horregatik, Yarturen aurreneko zereginetako bat ‘Zaharkinak’ egitasmoan parte hartzea izan zen, erakusketa baten bidez» diosku Iñaki Mendigurenek, Yartuko kideetako batek. Orduan izan zituzten lehenengo harremanak Fermin Leizaolarekin, ikerlari eta irakasle donostiar hau ibili baitzen ‘Zaharkinak’ proiektua bultzatzen. Baserrietako ganbaretan zokoratuta zeuden nekazal giroko hainbat eta hainbat tresna eta lanabes argitara atera ziren Gipuzkoako herri mordo batean, horien artean Ezkio-Itsason.

Elkartearen bigarren helburua herritarren arteko elkar ezagutza eta kohesioa handitzea izan da, bai adin ezberdineko norbanakoen arteko harremanak eta bai auzoen artekoak indartuz. Lan aberatsa egin da arlo honetan, beharra ere bazegoen-eta, antzeko beste herri askotan bezalaxe. Izan ere, garai batean herri txikiotako sare sozialak (pertsonen arteko harreman zuzenez osatuak, ez gaur egungo harreman birtualak) desegiten joan dira urteak pasa ahala, sare horien oinarri ziren eskolak, elizak eta tabernak desagertzen edo presentzia galtzen joan diren heinean.

Ezkio-Itsasoko kasuan duela berrogei urte baino gehiago itxi ziren herriko lau eskola txikiak eta iaz arte ez da berriro eskolarik izan herrian. Ondorioz, umeek ez zuten ia elkar ezagutzen. Bada, udalekuak eta asteburuko tailerrak medio, lortzen ari dira gazteenak elkarrekin harremanetan jartzea. Baina baita adinekoek ere batak bestearen berri izatea, esaterako bazkariak antolatuta. Ehun bazkide inguru ditu Yartuk. Hamasei urtetik gorakoek kuota bat ordaintzen dute, gazteagoek ez.

Norbere herria ezagutu bai, baina ez dute horretara mugatu nahi ezkiotarrek eta itsasoarrek. Euskal Herria ezagutaraztea ere badu helburu Yartuk, eta horrexegatik abiatu da autobuskada bat herritar goizean goiz Lapurdiruntz, nor eta Fermin Leizaola erakusle hartuta. Berehala banatu du Ferminek bidaiarien artean ibilbidearen mapa, eta autobuseko mikrofonoaren bidez azaldu du zer ikusiko dugun: Urruña, Azkaine, Sara, Bidarte, Senpere, Ahetze, Donibane Lohizune, Hendaia, hori da programa.

Urruñako eliza izan da bisitatu dugun lehena, Ferminen azalpen aberats eta atseginak lagun. Mundu gerretan hildako urruñarren oroitarrian ere informazio ugari eman du Leizaolak garai gogor haietaz. Eta elizaren dorreko eguzki-erlojura begiak altxarazi dizkigu, bertan idatzitako «Vulnerant ommes. Ultima necat» esaldia irakur dezagun: «Denek zauritzen dute. Azkenekoak, hil». Bizitzako orduez ari da.

Ohiturak berreskuratu

Ohituren berreskuratzea da Yarturen beste zereginetako bat. Gabon eskea, adibidez, ez da sekula galdu Ezkio-Itsason, baina Santa Ageda eskea elkarte honek berpiztu du. Yartuk bere sorreratik lotura estua izan du Igartubeiti baserri-museoarekin, eta bertan garai bateko bizitzaren antzezpenak egin izan dituzte elkarteko kideek, baita sagar erakusketa eta sagardoa ere, herritar guztiek dasta dezaten. San Juan bezperako suaren usadioa ere berrindartu da, dantzak eta herri afaria antolatuz. Argazki lehiaketak, ikastaroak, hitzaldiak… denetarik antolatzen dute urtean zehar, Udalak emandako diruarekin eta kideen kuotekin finantzatuta. Sagardo Astean Igartubeitin egindako sagardoa salduta ere diru kopurutxo bat sartzen da. Jakina, lan asko musutruk egiten dute Yartuko kideek.

Fermin Leizaolaren bizkortasuna harrigarria da. 72 urte dauzka, baina ez da erraza gizon honi oinez jarraitzea. Gainera, ez beroak eta ez goseak ez diote eragiten. Sarako pilotalekuan tupper ondo beteak atera ditu jendeak bazkaltzeko, baina berak nahikoa du latatxo batekin. Eta berriro egurrean: Axularren hilobia, Senpereko «sorginen» oroimenezko eskultura, Mattin bertsolariaren oroitarria Ahetzen, Bidarteko hilerria, hiru solairuko korudun eliza harrigarria Donibane Lohizunen… dena erakutsi eta azaldu digu ikerlari donostiarrak.



Nondik nora, ordea, Goierriko herri txiki baten eta Aranzadiko ikerlariaren arteko lotura hau? Bada, gakoa Ferminen izaeran dago. Artzaintza, baserria, nekazaritza… den guztiari arreta jarri dio gaztea zenetik, eta etnografia arloan lan itzela egin du bizitzan zehar, eta hala jarraitzen du gaur egun ere.

Lehen aipatu dugun ‘Zaharkinak’ egitasmoaren bultzatzailea bera izan zen, Gipuzkoan barrena hamasei erakusketa antolatuz; euskal artzaintzari buruz gehiago ikertu eta dakienik ez dago; ezagutza entziklopedikoa du, hasi argizaioletatik eta mundu gerretaraino, Ternuako indusketak barne; Euskal Herria goitik behera eta ezker-eskubi berak bezala ezagutzen duenik ez da egongo, hasi Zubeorako hilarri diskoidaletatik eta Gorbeiako artzainen kaikuetaraino. Eta, gainera, hizlari aparta da, didaktikoa eta entzuteko erraza. Bada, Ezkio-Itsasoko deia jaso zuenean, Euskal Herrian barrena txangoak egin nahi zituztela-eta, segituan prest azaldu zen gidari lanak egiteko.



Dagoeneko hiru aldiz izan dira ezkiotar eta itsasoarrak Ipar Euskal Herrian, Nafarroan lau aldiz, Araban beste hiru, Bizkaian beste hainbeste… Larrain, Otsozelaia, Baldorba, Orreaga, Orbaitzeta, Añanako Gatzagak, Gaubea, Trebiñu, Pobal, toki interesgarri ugarik osatzen dute dagoeneko zerrenda. Hara, Goierriko bihotzean dagoen herri txiki honetakoak nola ari diren Euskal Herriaren ezagutzaren mapa osatzen, bertatik bertara.

Benetako gogoa izanez gero, eta lan eginda, kultur eskaintza sortzen da, bai, hiriburuetatik kanpo ere. Konstatazio bat: emakumeak gehiago animatzen dira Yarturen kultur ekitaldietan parte hartzera, gaurko txango hau horren lekuko. «Bai, dudarik ez dago, etorkizuna emakumeena da. Elkartearen batzarretan hamarretik bederatzi emakumeak izaten dira, horrekin dena esanda dago. Oro har, kostatu egiten zaio jendeari inplikatzea, lanerako konpromisoa hartzea, baina gu saiatzen gara, eta hobetu daitekeen arren ez gaude deskontent» diosku Mendigurenek.

Yartuk alderdi askotan egiten du lan, eta ekintza mota bakoitzak du bere publikoa. Umeentzat prestatutakoek oso erantzun ona izaten dute, txangoek ere bai. Hitzaldiek, berriz, gaiaren arabera: adibidez, Jagoba Errekondok baratzagintzaz eman berri duenak entzule asko bildu zituen, baina gaia «elitistagoa» bada erantzuna apalagoa izaten da.

Hendaiako Abbadiako eremua eta gaztelua ikusteko denborarik ez digu eman gaur, Fermini programa osoa betetzea gustatzen zaion arren. Agendan apuntatu du, hurrengorako. Donostiako Ategorrietan jaitsi da autobusetik, bidaiarien esker oneko txaloen artean, ezin bananduzko txapela buruan ondo jarri ondoren. Eta gu, Gipuzkoa barneruntz, etxera, Euskal Herria pixkatxo bat hobeto ezagututa.