Gotzon ARANBURU

‘Gurdi bidea’ ekimena

Badator, poliki-poliki, Burgosko mendietako bikea Pasaiako Albaola ontziolara, bertan egiten ari diren San Juan ontzia istinkatzeko. Gurdietan dakartzate upelak, Burgos, Errioxa, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoan barrena. Bidaia gogorra da, garai batean egiten zenaren modukoa, bai tiraka ari diren abereentzat eta bai itzainentzat eta laguntzaileentzat, bidea askotan traketsa delako eta eguzkia bete-betean jotzen ari delako abuztuaren 31n abiatu zirenetik.

Gurdi Bidea ekimeneko lagunak, Barrios de Colinatik pasatzen. (Gotzon ARANBURU)
Gurdi Bidea ekimeneko lagunak, Barrios de Colinatik pasatzen. (Gotzon ARANBURU)

Goizeko zortzi eta erdiak dira, oraindik fresko Barrios de Colina herrian. Duela ordu erdi abiatu dira ‘Gurdi bidea’ ekimeneko lagunak Atapuercatik, eta haien bila goaz, gari eta eguzki-lore soroetan barrena. Berehala sumatu dugu urruti batera hautsa altxatuta bidean, kilometro batera edo, baita itzainen oihuak ere. Horiek behar dute, inondik inora ere. Bai, ordu laurden geroago ondoan ditugu: hiru gurdi, «serrana» delako motako behiek eta idiek tiratuta, binakako hiru uztarri. Bakoitzak bere itzaina darama aurretik, eta hogei bat lagun inguruan, bost bat urteko ume batzuk tartean. Albaola kamiseta beltza jantzita daramana Enara Novillo da, antolatzaileetakoa, eta berak esan digu Barrios de Colinako geraldia laburra izango dela.

Egarri dira behiak eta idiak. Zuzenean askara eraman dituzte itzainek eta luze egin dute zurrut. Zubitxo bat zeharkatu eta aurrera, berriro bidean, Piedrahita de Juarros herrirantz. Gaurko etapa Santa Olalla de Bureban bukatuko da, hamasei bat kilometrora guztira. Garai batean, ibilbide hau egitea ohikoa zutenean, ekinaldi luzeagoak egiten zituzten idi-pareek, baina gaur egun ez daude prestatuta, oso noizean behin baino ez baitituzte lotzen uztarrian. Izena era badaukate Euskal Herrirantz doazen abere hauek: Macarena, Mora, Cachorro, Bolero…

Egia esan, aspaldidanik ari da iristen Burgosko Quintanar de la Sierra herrian ekoitzitako bikea eta mundruna Pasaiara, baina kamioien bidez. Pinuaren erretxina destilatuta eta hau abereen gantzarekin nahastuta lortzen dira bikea eta mundruna, eta XVI. mendean ere gurditan bidaltzen zuten produktu hau Euskal Herrira, gurditan, zurezko itsasontzien kroskoa istinkatzeko, hau da, inpermeabilizatzeko. Lanbide hau behin betiko gal ez dadin lan egiten du Cabaña Real de Carreteros de Quintanar de la Sierra izeneko elkarteak.

Garai bateko bideak zaindu daitezela ere aldarrikatzen du elkarteak, eta horretarako batera eta besterako irtenaldiak antolatzen ditu, bide horiek erabiliz. Oraingo honetan, Albaolarekin lankidetzan, Pasaiarainoko bidaia izango da, hemezortzi egunekoa, denera berrehun bat kilometro. Alegia, irailaren 17an iritsiko dira hiru gurdiak Pasaiara.

Mendiko behia edo «vaca serrana» deitzen duten arraza hau galzorian dago. Berrehun buru baino ez omen dira geratzen. Izan ere, oso abere gihartsuak dira, baina hauen haragiak ez du jateko balio. Gurdiari tira egiteko indarra bai, badute, baina horretarako beharrik ez dago egun. San Juan baleontziaren kasuan, ordea, eraikuntza osoa XVI. mendean bezalaxe egin nahi dute Albaolakoek, bai materialetan eta bai lana egiteko eran, eta horrek aukera paregabea eman die Quintanar de la Sierrakoei eta euskaldunei berriro bike labeak martxan jartzeko eta gurdiak abiarazteko.



2004an hasi ziren San Juan baleontziaren erreplika egiten, Pasaiako Albaola ontziolan, Parks Canada elkarteak emandako plano arkeologikoen arabera. Izan ere, Kanadako uretan hondoratu baitzen San Juan originala, eta hantxe aurkitu zituzten arkeologoek honen hondakinak. Horrela abiatu zen munduan aurrekaririk ez duen egitasmoa: XVI. mendeko ontzi bat zehatz-mehatz berreraikitzea.

Lehenengo lana gila egitea izan zen. Ontziaren bizkarrezurra da gila, eta San Juanenak 14,20 metro ditu. Jatorrizko enborrak zortzi tonako pisua zuen landu aurretik. Zuraren kasuan ere XVI. mendean bezala aritu dira Pasaiako arotzak, hau da, haritz arbolak erabiliz. Sakanako basoetatik atera dituzte haritzak, bai tantaiak –zuzenak– eta bai makurrak –okerrak–, bietatik behar baita ontzia eraikitzeko. Tantaiekin oholak eta habeak egiten dituzte, eta makurrekin itsasontziaren hezurdura osatzen dituzten barangak, jenolak eta antzeko beste pieza batzuk.

Gilaren ondoren barangak, txopa motzak, branka, koadernak… egitea eta jartzea iritsi zen. Ondoren ligazoiak egin zituzten. Duela gutxi baleontziaren beheko kubierta bukatu dute ontzigileek, San Juanek izango dituen hiruretako lehena. Palmejareen gainetik 2,20 metro altuera hartu du.

Albaolako kide den Mikel Leozek azaldu digunez, kubiertaren estruktura osoa itsasontziaren barrualdeetan iltzekatuta dauden bragera lodietan bermatuta dago. Haien gainean zazpi habe lodi daude jarrita, eta hauen arteko tartea bi metro baino gehiagokoa da. Baleontziaren beheko kubiertak izugarrizko pisuari eutsi behar dio. Ternuatik itzultzean, lumeraz –bale gantza– betetako upelen laurdena sotoan sartzen zuten, eta beste guztia, 160 tona inguru, beheko kubiertaren gainean, ondo bermatuta. Horregatik dauka hain estruktura sendoa izan beharra. Orain bigarren kubiertari ekiteko ordua da, beharrezko ligazoiak jarrita.

Iltzeak, eskuz

Bitxikeria bat: San Juan berri honetan erabiltzen ari diren iltzeak ere eskuz forjatuta daude, XVI. mendean bezalaxe. San Juan originalaren hondakinen artean oso iltze gutxi aurkitu zituzten, eta zurean utzitako zuloak izan dira iltzeen neurri eta forma ezagutzeko iturria. San Juanen neurriko baleontzi bat egiteko hiruzpalau tona iltze eta buloi erabiltzen omen ziren XVI. mendean. Hortik atera kontuak zenbat lan eskatzen ari den gaur egun iltze mordo hori ekoiztea…

Enarak esan digunez, oraintxe da garai egokia Albaola egiten ari den San Juan ontziaren barrunbeak ikusteko, zurezko piezak hartzen ari diren forma harmoniko ikusgarria. Izan ere, forratze lanak hasten direnean barrunbeak ezkutuan geratuko dira betirako. Gomendagarriena da bisita hiru hilabetero edo egitea, eraikuntza prozesuaren pauso bakoitza ondo ikusi ahal izateko. Dagoeneko 35.000 bisitaritik gora izan ditu ontziolak.

2019-2020rako, bukatuta

Epeak jartzea beti da arriskutsua ezaugarri hauetako egitasmo batean, baina 2019-2020rako ontzia bukatuta egongo dela aurreikusten dute Albaolan. Horretarako ari dira jo eta su lanean Pasaian, bai ordainpeko beharginak, bai boluntarioak eta bai praktikak egiten ari diren ikasleak, arozgintzakoak esate baterako. Frantziar dezente ari dira Pasaiako ontziolan, Holandakoak ere bai. Kasu deigarrienetako bat Miamiko gazte batena da. Duela urte eta erdi inguru iritsi zen Albaolara eta erabat engaiatu da proiektuan. Bere bizitzari zentzua aurkitu omen dio gure artean.



Kontuak kontu, iritsi da Piedrahita de Juarros herrira gurdi segizioa. Eguerdia da eta gogor jotzen du eguzkiak kaskarrean. Idiak eta behiak itzalpean jarri atseden har dezaten eta sabela betetzeko eta eztarria bustitzeko garaia da ibiltarientzat. Labea martxan dute eta odolki beltza, txorizoa eta enparauak mahaira atera dituzte bertakoek, baita ardoz betetako porroiak ere. Majo sartzen dira. Herritarren ikusmina piztu du espedizioak; askok gogoan dute, etxean entzunda, lehen ere egiten zirela halakoak, baina ikusi, ikusi ez gaurdaino.

Atzo sartu ziren gurdiak eta itzainak Euskal Herrian lehendabiziko aldiz, hain zuzen ere Arabako Rivabellosa, Armiñon eta Estavillo herriak zeharkatuz. Handik berriro Burgos aldera joko dute, baina gaur berriro zapalduko dute Euskal Herria, Araban barrena oraingoan ere, eta ia ez dira gehiago irtengo, irailaren 17an, larunbatez, itsasoraino iritsi arte Pasaian.