NAIZ
EIBAR

Formazio saioak egin ditu Gure Esku Dagok, ikasturte berriko galdeketei aurre egiteko

Azaroaren 27an Dima eta Bakaikun galdeketak egingo dira, eta 100 herri inguru izango dira 2017an erabakitzeko eskubidean urratsa emango dutenak. Horren guztiaren aurrean, formazio saioak egin ditu Gure Esku Dagok dinamikako kideekin.

Gure Esku Dagoko kideak, formakuntza saioan. (NAIZ.EUS)
Gure Esku Dagoko kideak, formakuntza saioan. (NAIZ.EUS)

2016-2017 ikasturteari ekitearekin batera, etapa berri batean sartzera doa Gure Esku Dago mugimendua. Diote erabakirantz «urrats garrantzitsua» egingo dutela ikasturte berrian: azaroaren 27an Dima eta Bakaikun egingo dira galdeketak, eta 2017an 100 herri ingurutan.

Gauzak horrela, eta horrek guztiak eskatzen duen lana bideratzeko, formazio saioak burutu ditu Gure Esku Dagok. 150 lagunetik gora bildu ziren atzo, ostiralez, Eibarren, eta beste horrenbeste izan dira gaur, larunbatez, bildu direnak.

Formakuntza saio hauetan bi gai nagusi jorratu dituzte: herri galdeketak, batetik, eta dinamikaren beraren bide orria, bestetik. Zentzu horretan, ariketa parte hartzailea abiatu du Gure Esku Dagok, mugimenduaren bide orria eta helburuak garatzeko.

Hilabete inguru iraungo du aipatu prozesuak, eta abenduan aurkeztuko dituzte beronen emaitzak.