Gotzon ARANBURU
LEKEITIO

Euskal Zine Bilera

Donostiako Zinemaldiaren eta Festival de Cannesen glamourra ez du izango, ez ditugu ikusiko herrian zehar ehunka kazetari eta gonbidatu paparretik akreditazioa zintzilik dutela, ezta photocall bat bestearen atzetik ere, baina Lekeitioko Euskal Zine Bilerak ez du horietako inoren enbidiarik. 39. ediziora iritsi da eta euskarazko zinema erakusteko benetako eskaparatea hau da, hemendik pasatzen dira etorkizunean gure zinearen protagonistak izango diren zuzendari, aktore eta teknikoak. Aurten ere bai.

Itziar Ituño aktorea, Euskal Zine Bileraren aurkezpenean. (Gotzon ARANBURU)
Itziar Ituño aktorea, Euskal Zine Bileraren aurkezpenean. (Gotzon ARANBURU)

Animazio berezia dago igande arratsaldean Ikusgarri zinema aretoko atarian. Berehala hasiko da 39. edizioaren irekiera ekitaldia eta hemen dabiltza atzera eta aurrera teknikariak, aktoreak, antolatzaileak eta ikusleak. Itziar Ituño eta Ainara Ortega izango dira aurkezleak eta Iratxe Mediavillaren ‘Argi’ pelikula proiektatuko da. Burrundak inguratuta, Itziar errotuladore urdinez azpimarratutako gidoia irakurtzen ari da zoko batean, gero oholtzan eroso ibiltzeko. Jone Gomez neskatoa, Elorriokoa, pelikularen kartela sinatzen ari da, eta photocall-ean bere irrifarre misteriotsu hori erakusten du. Hain umetan pelikula bateko protagonista izanda, eskolako lagunek zer esaten dioten galdetu diogu: «Gustatu egin zaie. Baina batzuek negar ere egin dute» diosku.

Asteari hasiera hasiera bezperan eman zitzaion, Amets Arzallus bertsolaria protagonista duen ‘Mugamina’ dokumentalarekin, Zipre irlako zatiketari –eta exodoari, desagerketei eta biktimei– begiratzen dion pelikularekin. Hango musikari eta ahozko poesiari ere gertutik egin dio so Arzallusek Donostia 2016ko Europa Transit Enbaxadak egitasmoaren barruan Xuban Intxaustik zuzendutako filman.

Lehiaketan denera 32 lan ikusi ahal izango dira. Horietatik 11 profesionalak dira, eta 21 amateurrak. Euskal Zine Bilerak ez du beti lehiaketa izaera eduki. Eta ez da izan erabat euskaraz egindako zinemari eskainitako jaialdi bakarra, gaur egun hala den arren. 1977an Topaketak zinema jaialdia abiatu zen Zestoan, eta bidelagun izan ziren hainbat urtez zinemaldi bizkaitarra eta gipuzkoarra, baina 1991n eten egin zen zestoarren ibilbidea. Ordudanik, Lekeitio da euskarazko zinemaren Cannes.



Beste edozein zinema jaialditan bezala, Euskal Zine Bilerak hautaketa bat egiten du jasotzen dituen lanen artean. Aurtengoan berrogeita hamar filme baino gehiago iritsi zaizkie, eta horietatik aipatutako 32 horiek onartu dituzte. Zuzendari amateurren artean daude, beste batzuen artean, Amaia Ruiz de Galarreta, Oier Gil, Alex Tello, Itziar Alonso, Oier Fuentes, Yolanda Mazkiaran, Ibon Goikoetxea edo Ane Cerrato. Eta lehiaketan parte hartuko duten profesionalak honako hauek dira: Miguel Angel Llamas, Natxo Leuza, Asier Mendoza, Koldo Garcia eta Maite Bidarte bikotea, Jon Urraza, Dragoi Produkzioak (bi pelikula), Jorge Gil, Unai Guerra, Unai Hernandez eta Begoña Vicario. Lehiaketaz kanpo Asier Albio eta Markel Goikoetxearen lanak ikusi ahal izango dira.

Zer sari eman, ez da beti berdin izan Lekeition. Garai batean, lehiaketarik egon ere ez zegoen. Izan ere, bai Zestoan eta bai Lekeition hasierako helburua oso xumea zen, garaiari zegokiona. Joan den mendeko 70. hamarkadan, euskararen eta euskal kulturaren aldeko mugimendua indartsu hasi zenean, zinemaren arloa alboratu antzean geratu zen. Ikus-entzunezko ekoizpen ia guztiak, denak ez esatearren, gaztelaniaz egiten ziren Hego Euskal Herrian, eta euskaraz aritzen zirenak amateur bakan batzuk baino ez ziren. Kontuan eduki behar da orduan, gaur ez bezala, tresna profesionalak ez zeudela afizionatuen eskuetan. 8 milimetro, Super 8 eta 16 milimetroko zeluloidean errodatzen zuten, eta bost minutu eskaseko pelikula bat osatzeko diru dezente gastatu beharra zegoen.

Egindako pelikulak erakusteko aukerak ere, urriak; herrietako zine-forum haiek, besterik ez. Hutsune hori betetzeko sortu ziren aipatu bi jaialdiak, eta urtean zehar euskaraz egindako lan bakanak erakustea beste helbururik ez zutenez, lehiaketarik ez zegoen. Baina 1981ean aldaketa gertatu zen, ‘Zilarrezko antzarra’ sariak ematen hasi baitziren lekeitiarrak, emaitzen onerako izango zela iritzita. Lau izan ziren hasierako hartako sariak, hain zuzen ere dokumental onenari, argumentudun film onenari, eta argazki eta soinu onenei emandakoak. Parte-hartzaile guztien artean material zinematografikoa banatzen zen, lanean segi zezaten bidea errazteko.

Sariak emango badira, epaimahaia osatu behar. Aurtengoan hiru gizonek –Asier Bilbao, Asier Hormaza eta Iñaki Billelabeitia– eta bi emakumek –Sara Cozar eta Tessa Andonegi– dute ardura hau. Denak ere ibilbide oparoa dute dagoeneko interpretazioan, ekoizpengitzan edo arte irakaskuntzan, eta hauen ardura izan da bost sailetako saridunak izendatzea. Argazkia, gidoia, ekoizpena, zuzendaritza eta lan onena dira bost sail horiek, arlo bietan, amateurrena eta profesionalena. Lehenengoek 1.000 euro eta zilarrezko antzarra jasoko dute, kategoria bakoitzean. Profesionalek, 1.600 euro eta zilarrezko antzarra. Film amateur onenak 1.300 euro eta urrezko antzarra eramango ditu, eta 1.900 eta urrezko antzarra pelikula profesional irabazleak.

Zuzendari profesional gehienak, gizonak

Tessa Andonegik eta Asier Bilbaok irekiera ekitaldian parte hartu dute, eta Zine Bilerako antolatzaileei datorren urterako sari berri bat ezartzea proposatu dietela jakinarazi dute, hain zuzen ere interpretazio onenarentzako saria, gaur egun ez baitago. Eta zer pentsatua ematen diola esan du Andonegik Lekeitioko jaialdiko kategoria profesionalean parte hartzen dute zuzendari ia guztiak gizonezkoak izatea. «Amateur mailan, berriz, ia erdibana banatuta daude gizonezkoak eta emakumezkoak. Zer gertatzen da hor? Afizio bezala bai, baina lanbide moduan ez?» galdetu du aktore donostiarrak, eta babes berezia eskatu die erakundeei emakumeei jauzi hori egiten lagundu diezaieten.

Ez du izango balio estatistikorik, baina ‘Argi’ pelikula ikustera etorri direnen artean hamarretik zortzi baino gehiago emakumeak dira.



Beste bi sari ere banatuko dira datorren larunbateko itxiera ekitaldian: Gazte 22 saria (1993ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotakoentzako) eta Antzar Morea Saria, genero ikuspegi hoberen txertatzen duen lanarentzako.

Dena den, beharbada zinegile gazteei bultzada emateko filosofia hobeto islatzen duen «saria» ez da sari bat, beka bat baizik, duela hiru urte abian jarritako Benito Ansola Beka, 3.000 euroz hornitua. Irabazleak 1.500 euro jasotzen ditu bere izena jakitera ematen denean, eta beste 1.500 pelikula aurkeztu ondoren. Iaz Irati Cano donostiarrak eskuratu zuen, eta datorren ostegunean, hilak 20, ikusi ahal izango da Ikusgarri aretoan. Hamaika minutu irauten ditu ‘Leihoak’ film esperimentalak, eta honela dio sinopsiak: «Maiz, leihotik harago begiratzen dut, haien bizimodua zein izango den imaginatuz. Eta pentsatzen dudan hori guztia egin den jakin nahiko nuke».

Beka hau Euskaltzaleon Topaguneak antolatzen du, EHUren eta Bizkaiko Aldundiaren laguntzaz. Topaguneko kide den Aritza Escandonek adierazi duenez, hiru urteotan hogeita hamar lan baino gehiago jaso dituzte, eta aurkeztutakoen adina 26 urtekoa da batez beste.

Ikusgarri aretoa aipatu dugu, eta esan behar da azken urteetan duela egoitza Zine Bilerak areto honetan. Aurreneko 21 edizioak Antzoki zineman egin ziren. Ikusgarri urte osoan erabiltzen dute lekeitiarrek zinemarekin zerikusia duten ekintzetarako, hala nola hitzaldiak, zinemari buruzko liburuen eta zinemagintzako tresnei buruzko material etnografikoaren eta hainbat herrialdetako pelikula-kartelen erakusketak, edota beste lurralde batzuetako –Katalunia, Galizia, Murtzia– zinemagileekin topaketak izateko.

Kakoa eta amua

Lekeitiko zinemaldiak etengabeko garapena bizi du, eta gero eta aberatsagoa izaten saiatzen da, izateko arrazoi nagusiari trinko eutsiz, jakina. Antolaketa taldeko Joseba Zuberogoitiak azaldu digu, metafora bidez, zein den aipatutako arrazoia: «Aurtengo kartelak erakusten duen moduan, kakoa edo amua izan nahi dugu, euskarazko zinean ari direnak Lekeitiora ekartzeko, baita ikusleak ere zine aretora».

Aberaste horretan iaz ekimen berri bat sortu zuen, hain zuzen ere Euskal Zinearen Begirada izenekoa, euskal zinemagintzako sortzaileak omentzeko helburuarekin. Hilberria zen Aitor Mazo aktorea izan zuten gogoan iaz lekeitiarrek, eta aurten Kontxu Odriozola zenak jasoko du omena, datorren ostiralean, hilak 21, ‘Urte berri on, amona!’ filmaren emanaldiarekin eta Telmo Esnal zuzendariarekin egingo duten solasaldiarekin.

Generoaren gaiak gero eta oihartzun handiagoa du Euskal Herriko gizarte eta kultur ekimenetan. Aipatu dugu Antzar Morea Saria, eta honi datorren zapatuan Barandiaran Aretoan egingo den mahai-ingurua gehitu behar. ‘Emakumeak euskal ikus-entzunezkoetan: Hezkuntzatik lan mundura’ du izena eta (H)emen (H)ere plataformak antolatua da, euskal ikus-entzunezkoetan emakumeen ikusgarritasuna bultzatzeko plataforma. Salaketa oso argia da, alegia, ikus-entzunezko eskoletako ikasleak erdiak emakumeak diren arren, lan munduan ez dela proportzio hori mantentzen.