NAIZ
DONOSTIA

Ligaxkako lehenengo puntua erdietsi du Altunak Victorren aurkako partidari buelta emanda

Zail jarri zizkion gauzak Victorrek Altunari Donostiako Atanon jokatutako lau t'erdiko ligaxkako bigarren jardunaldian. 12-19 atzetik, hamar eta hutseko partziala sartu zion Altunak ligaxkako bere lehenengo puntua eskuratzeko.

Lehenengo jardunaldian galduta, lau t'erdiko final laurdenetako ligaxkan bere lehen puntua eskuratzeko esperantzaz kantxaratu ziren Altuna III. eta Victor Donostiako Atano pilotalekura. Amezketarra faborito, aurretik jarri zen lehenengo tantoetan, harik eta Victorrek sekulako jauzia eman zuen arte.

Zortzinakoaren ostean, 19-12 ikusi zuen bere burua aurretik markagailuan Victorrek. Eta orduan estutu zituen hortzak Altunak, hamar eta hutseko partziala sartu eta neurketa bereganatzeko.

Hala, ligaxkako lehen puntuarekin egin zen amezketarra, eta batere gabe jarraitzen du Victorrek. Talde berean aurkitzen diren Urrutikoetxea eta Irribarriaren arteko lehiaren ostean argituko da nork jokatuko duten finalerdietarako txartelagatik.