NAIZ
DONOSTIA

Alardeen inguruko gatazkari konponbidea eman asmoz bilera egingo dute erakunde desberdinek

Gipuzkoako Aldundiak, Emakundek eta Arartekoak Irun eta Hondarribiako alkateekin bilduko dira azaroan, bi herriotan egiten diren alardeen inguruan dagoen gatazkari irtenbidea bilatzeko bideak aztertzeko.

Hondarribian egiten den alardean, Jaizkibel da konpainia parekide bakarra. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Hondarribian egiten den alardean, Jaizkibel da konpainia parekide bakarra. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Batzordean agerraldia egin du Giza Eskubideen foru zuzendari Maribel Vaquerok, EH Bilduk eginiko galdera bati erantzuteko, eta bertan iragarri du alardeen afera lantzeko bilera egingo dutela erakunde desberdinek.

Vaquerok esan duenez, uztailaren 19an bilera egin zuten Aldundiko, Emakundeko eta Arartekoaren ordezkariek, eta bertan adostu zuten Irun eta Hondarribiako alkateei parte hartzeko gonbidea luzatzea. Azaroan egitekoa den bilkuran, alardeen inguruko gatazkaren konponbiderako plangintza aurkeztuko du Aldundiak.

«Festa antolatzeko eredu desberdinen arteko gatazka» 20 urtez luzatu dela azpimarratu du Vaquerok eta, zentzu horretan, konponbideak bilatzen segitzeko Aldundiaren konpromisoa adierazi du, jaietan «genero ikuspegiaz gain, askatasun, errespetu eta legezkotasun printzipioak sustatzeko».

Erakunde desberdinak bilduko dituen mahai horren lanak «diskrezioz» egitea defendatu du Vaquerok, «hasi aurretik posiziorik hartu gabe». Izan ere, «tentsioa txikitu» eta «ahalik eta errespetu handienarekin» lan egitea garrantzitsua dela nabarmendu du, gatazka konpontzea ahalbidetuko duten elkarrizketarako bideak aurkitu ahal izateko.

Afera hau «erabilpen alderdikoietatik» aparte utzi beharko litzateke, horrek, Vaquerok esan duenez, ez duelako konponbidean laguntzen.