@gara_miantzi
Oiartzun

Oiartzualdeko aniztasuna eskuekin osatzeko deia egin dute lekuko eramaileek

«Herri honen geroa denon artean erabakiko dugu, edozein dela ere bakoitzaren pentsaera, jatorria, jarduera, sektorea...», agertu dute Oiartzungo plazan azaroaren 6ko giza katean lekukoa eramanen duten lagunek. Erabakitzearen alde Pasaiako badia inguratzera animatu dute.

Oiartzungo agerraldia. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Oiartzungo agerraldia. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

«2014ko ekainaren 8an gure txikitasunean zerbait izugarria egin genuen. Eskutik eskura batuz 123 kilometroko giza katea osatu genuen. Bi ezaugarritze zeuzkan ekimen horrek: bata, erabakitze eskubidea hauspotzea, eta bigarrena, ekinbide horri jarrera bat jartzea, zoriontasuna eta ilusioa», oroitu du Imanol Esnaola Demoarsoko kideak gaur arratsaldean Oiartzungo Doneztebe plazan egindako agerraldi jendetsuan.

Bi urte baina gehiago pasa dira ordutik eta tarte horretan pauso handiak eman dituztela nabarmendu du: «Borondateak josi ditugu, lubaki eta hormak erausten lagundu dugu eta hainbat lekutan erabakitzen hasi gara». Euskal Herriko hainbat lekutan altxatutako olatu hori Oiartzualdera iritsi da. Martxoaren 19an erabakiko dute. «Erronka izugarria da, baina are handiagoa ilusioa. Eta bide luze honetan ezinbestekoa da konplizitateak ehundu eta elkarrekin adostu eta erabakitzea. Gure Esku Dagoren jarrera errealitate bilakatuz: jende zoriontsua herri libre batean».

Data garrantzitsua dute azaroaren 6an, 83 urte beteko baitira eskualde honetan, estatusaren inguruko galdeketa batean, emakumeek lehen aldiz bozkatu zutenetik. Sinbolismo hori berreskuratu nahi dute giza katean, bi elementurekin, hautetsontzia eta bozka. Katearen adar bakoitzetik elementu horiek lekuko gisa aterako dira eta eskualdeko aniztasuna ordezkatzen duten kideekin Errenteriako Zumardian elkartuko dira.