@aagirrezabal

Emakumezkoen ziklo-krosa

Podiumera igotzeko zain dagoela eskaini dizkigu hamar minutu Olatz Odriozolak. Eta hamar minutu asko dira txirrindulari urnietarraren bizitzan. Denboraldi oparoa darama, eta Beasainen ere bera izan da indartsuena.

Olatz Odriozola, Beasainen lasterketari ekin aurretik. (Gotzon ARANBURU)
Olatz Odriozola, Beasainen lasterketari ekin aurretik. (Gotzon ARANBURU)

Olatz Odriozola, bere hitzetan, «kasualitatez» iritsi zen ziklo-krosaren mundura. Bizitza osoan zehar hainbat kirol probatu ostean, lesio batetik errekuperatzeko lanetan hasi zen bizikleta gainean. Errekuperazio lan horiek afizio bilakatu ziren denbora gutxian eta laster harra barruraino sartu eta lehiaketari ekin zion. Mendiko bizikletarekin lehenbizi eta ziklo-krosean geroxeago. Eta azken honetan jorratu du bide oparoena.

Etxean txirrindularitza arnasteak ere zerikusia izango zuen. Bikotekide duen Asier Arregi txirrindulariaren bizikletarekin ekin zion ziklo-kroseko lehiaketari. «Errepideak ez nau hainbeste erakartzen. Probatu dut, baina nahiago dut ziklo-krosean dugun giroa», erantzuten dio «betiko galderari». Euskal Herriak bi gurpilen gaineko afizio eta kultura handia dauka, baina gehienean errepidera begira jarrita egoten dira fokuak.

Eta honek ez du txirrindularien lana errazten. Profesionalizazioa eta profesionaltasuna bi termino oso ezberdin bezala agertzen dira mundu honetan. Astelehenetik ostiralera, goiz eta arratsaldez, bere ogibidea den belardendan dabil Odriozola. Beraz, ziklo-krosak ematen duenaz bizitzerik ez badago ere, honek are eta «profesionalagoa» izatera behartzen du. «Goizean eta arratsaldean lan izanda, noiz ateratzen duzu entrenatzeko denbora?», behartutako galdera. «Bizikleta eramaten dut lanera, eta eguerdiko atsedenaldian, ordu edo ordu eta erdiz aritzen naiz egunero».

Ez dirudi goi mailan aritzeko biderik errazena, baina emaitzek kontrakoa diote. Etxeko lasterketetan guztien gainetik ageri da asteburuz asteburu, eta honek nazioartean ere izan du isla. Ez zeukan buruan Europako Txapelketan aritzea, baina Pontchâteaun jokatzekoa zela kontuan hartuta, probatzea erabaki zuten: «Etxetik nahiko gertu egingo zela ikusita eta ongi nenbilela aprobetxatuta, joatea erabaki genuen. Oso ongi sentitu nintzen eta lasterketa oso ona atera zitzaidan». 14. postuan amaitu zuen gipuzkoarrak, Thalita de Jong gazte herbeheretarrak irabazitako proban. Bai ziklo-krosean, bai errepidean potentzia dira holandarrak, eta De Jong, bere 23 urteekin, Marianne Vos edo Anna van der Breggenen lekukoa hartzeko hautagai handienetakoa da.  

Errelebo bila

Europara begira egoten da ziklo-krosa Euskal Herrian, baita Txirrindularitza Federazioa bera ere. Gero eta egutegi zabalagoa izan arren, profesionalizazio horren arazoa ere bere egiten duena. Hala ere, behetik jendea datorrela eta pausoka aurrera doazela ospatzen dute.

Odriozolak ere «erreleboa» badatorrela nabarmentzen du. Bizikleta.com taldearen koloreak defendatzen ditu txirrindulari urnietarrak, eta Beasainen kategoria guztietan gailendu ziren. «Taldean hiru kadete ditugu. Egia da gizonezkoetan, Euskal Herrian, kopuru handiagoak daudela, baina gutxika-gutxika emakumezkoak ere gerturatzen dira mundu honetara eta gure atzetik datozen neskak badaude».

Eta errelebo horri baldintza hobeak uzteko lanetan ere ari dira Odriozola eta beste hainbat txirrindulari. Emakumezkoen ziklo-krosaren inguruko kide multzo bat antolatu egin ziren duela bi urtetik hona, baldintzak hobetzearren: «Ez gara soilik baldintza ekonomikoez ari. Berdintasuna aldarrikatzen dugu tratuan, gure lanaren errespetuan. Gauzak ongi egitea besterik ez dugu defendatzen». 

Bidea lokaztuta, beraz, ziklo-krosean, baina hori ez da arazo izan emaitza bikainak lortzeko ez Odriozolarentzat eta ez bere taldekideentzat, eta pedalei indarrez eraginez helburuak gauzatzeko ahalmena behin baino gehiagotan frogatu dute.