NAIZ
LONDRES

Filtrazioak saihesteko, kaleratzeekin egin du mehatxu Theresa Mayk

Filtrazioak saihestu nahi ditu Theresa May lehen ministro britainiarrak, Brexitaren ingurukoak bereziki. Mehatxua erabili du horretarako: kaleratu egingo ditu Gobernuaren asmoen berri ematen duten funtzionario eta ministroak.

Theresa May, artxiboko irudi batean. (Peter NICHOLLS/AFP)
Theresa May, artxiboko irudi batean. (Peter NICHOLLS/AFP)

'The Mail On Sunday' egunkari britainiarrak egin du publiko Theresa Mayren Gobernuaren kabinete buru den Jeremy Heywoodek funtzionario eta ministroei bidalitako gutuna, filtrazioak saihesteko neurriak jasotzen dituena.

Bertan, Gobernuak dituen asmoak filtratzen harrapatzen duten edonor kaleratua izango dela dio Heywoodek, baita honek Estatuko segurtasuna auzitan jartzen ez badu ere.

«Filtrazioek deskonfiantza areagotzen dute eta lan-giroa kaltetu. Filtrazioak ez dira behin ere ongi etorriak, baina azken aldiko ugaritasunak neurriak hartzera behartu gaitu», gaineratzen du.

Iragan ekainaren 23an britainiarrek Europar Batasuna uztea erabaki zutenetik hamaika izan dira han eta hemen Gobernuaren asmoen berri eman izan duten informazioak. Theresa Mayk, baina, negoziazioei begirako bere estrategiaren berri eman gabe jarraitzen du.