@gara_miantzi
Durango

70 eta 80ko hamarkadetako grinaren testigantza bizia da ‘Ikuska’, barrena mugitzen duena

‘Ikuska. Ezina ekinez egina’ dokumental sailaren berrargitalpena aurkeztu dute Durangoko Azokan, Irudienean, Juanba Berasategi eta Jose Luis Egea zuzendariek eta Xabier Iriondo Bertan Filmeak-en arduradunak. GARAk eta EKHEk DVD formatuan, liburu batez lagundua (eta datorren astetik aitzinera USBn ere bai) plazaratu, eta bertze aukera bat eman diote Madrileko Filmotekan gordetako obrari. Ikusleak nola hunkitu diren ikusita, nola mugitu dien barrena, ibilbide polita izaten ahal duela dirudi.

Solasaldi ttiki bat egin dute aurrena Juanba Berasategi, Jose Luis Egea eta Xabier Iriondok, eta lana ekoitzi zutenean 10 bat urte baino ez zituen azken honek azpimarratu du gaur egun labur hauek ikusteak zirrara handia eragin diola. «Oso ondo islatzen du garaian, 1978-1984an, bizi zen grina eta indarra, zerbait sortzeko esperantzaren aurrekoa».

Hogeita bat dokumental laburrek osatzen dute ‘Ikuska’, eta horietako bost proiektatu dituzte Durangoko Zugaza zineman, Irudienean. Lehena, ‘Erreferenduma’ deitutakoa, Antxon Ezeizarena, ezin aproposagoa da bihar Konstituzio Eguna dela kontuan hartuta. Bertan agertzen da «espainiarrei Konstituzio hau onartzen zuten ala ez galdetzeko» egin zuten kontsultaren kanpaina. Irudietan, ikusleen arbuioa, irria, nostalgia... eta barreneko bertze hainbat sentimendu sortzen dituzte Karlos Garaikoetxea gazte batek, besoak mugituz zeremonia handiz solastatuz «zuek, utopikook, ekarriko duzue Euskadiko askatasuna» oihukatzen duen Telesforo Monzonek eta Felipe Gonzalezek.

Erakutsitako bigarren laburrak –Mirentxu Loyarteren ‘Euskal Emakumeak’– ere ez du gaurkotasun izpirik galdu. Hainbat emakumek antzinako emakumea, gaur egungoa (70-80 hamarkadetakoa) eta bilobentzat nahiko luketena dituzte mintzagai. Beren arbasoez diote gutxienez gizonen pare ikusten dituztela; euren garaiari buruz, ez dela emazteena, baizik eta gizonena, gizonentzat egina; eta etorkizunerako gorde nahiko luketena, beren arbasoen euskara eta independentzia zentzua dira. «Ezin dut imajinatu euskal andre bat gizona baino gutxiago dela esatea», dio batek.

Imanol Uriberen ‘Euskal Kanta Berria’ filman Txomin Artola, Amaia Zubiria, Natxo de Felipe, Zarama eta Ruper Ordorika gazteek ematen dute testigantza. «Instrumentu onak erostea dugu helburu, eta ondo pasatzea» diote Zaramakoek. Eta Natxo de Felipek: «Profesionaltasun eza izugarria da, emazteek lan egiten dutelako dedikatzen ahal gara honetara».

Nafarroan barna, galdutako euskararen xerka

‘Euskara galdutako Nafarroa’ lanean isildutako hizkuntza honen bila abiatzen da Juanba Berasategi autoa hartu eta herrialde osoa zeharkatuz, Bortzirietan hasi eta Ebrora, Euskal Herria eta filma bukatzen den lekura. Bidean, bertzeak bertze, herrian euskara solasten zuen azken emakumearen alabarekin elkartzen da eta gabon kanta bat kantatzen dio honek.

Jose Luis Egearen ‘Ikastolak’, azkenik, euskara eta euskal kulturaren akuilu izugarri honen lekukotasuna da.

Guztira halako hogeita bat dokumental dira, opari ederra eta hunkigarria bai garaia bizi izan zutenentzat eta bai ezagutu ez zuten gazteentzat.