Jon Ormazabal
Tolosa

Garesti ordain dezaketen puntua lortu dute Altunak eta Barriolak

Markagailuan 5-14 aurretik zirela, Jokin Altunak min hartu du ezker belauneko lotailuan eta oso zail izango du ostiralean Artola-Albisuren aurka jokatzea (16-22).

Garaipenaren poza eta Jokin Altunak izan dezakeen lesioaren larritasunaren kezka nahastu dira amezketarrak eta Abel Barriolak lortutako lehen puntuaren ostean. Bihotzarekin lortutako puntua izan da Aspekoena, baina ikusteke dago aurrelariak belaunean izandako lesioaren larritasuna. Txema Urrutia enpresako medikuak ezker belauneko lotailua minduta daukala esan zuen, ingurua lotuta partida amaitzea izan zuen, baina bihar egingo zaizkion frogen zain geratu behar. Pilotariak partida minduta amaituta zuela aitortu zuen eta ez dirudi ostiralean Donostian jokatzeko moduan izango denik. Abel Barriolak ere eskuineko eskutik nahikoa justu amaitu du

Amezketako aurrelariaren ezbehar horrek erabat baldintzatu du gorabehera handiko partida. Hasiera hotz baten ostean, Aspekoek alde nabarmena hartu dute. Barriolak ondo lagunduta, Altunak eraman du jokoaren ekimena eta Mikel Beroizek asko sufritu du (3-14).

Partidaren gidoia erabat aldatu da, ordea, zabaletik pilota bat bueltatzerakoan, Jokin Altunak ezker belaunean min hartu duenean. Kantxara itzultzea lortu duen arren, partidatik erabat irten da. Hankak lurrean ondo jarri ezinda, beldurrez bezala aritu da eta partidaren agintea Mikel Urrutikoetxearen eskuetara pasa da. Zaratamokoa frontoiaren jaun eta jabe izan da markagailua 16-17 estutzeraino, baina Beroizek egindako huts nabarmen batek, Altunaren bi gantxo onek eta Urrutikoetxearen beste bi kalek garaipena eman diete Aspekoei (16-22)