NAIZ

Altuna lau astez egonen da frontoietatik kanpo, belauneko lotailuak minduta

Jokin Altunak minduta ditu belauneko lotailuak eta Binakako Txapelketatik kanpo egonen da lau aste inguruz. Denbora honetan Aitor Mendizabal izango da bere ordezkoa. Abel Barriolak ere ezin izango du jokatu eta Xabi Tolosa arituko da bere lekuan.

Jokin Altunak min hartu zuen Binakako Txapelketako lehen jardunaldian. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Jokin Altunak min hartu zuen Binakako Txapelketako lehen jardunaldian. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Atzo Tolosan jokatutako partidan min hartu zuen Jokin Altunak. Aurrelari amezketarrak eta Abel Barriolak 22-16 irabazi zieten Mikel Urrutikoetxea eta Mikel Beroizi, baina Altunak ezker belauneko lotailuak mindu zituen.

Gaur egin dizkiote probak eta lau aste inguruz egonen da frontoietatik aldenduta. Denbora horretan Mendizabal III antzuolarra izango da Abel Barriolaren bikotea Binakako Txapelketan. Baina ez bigarren jardunaldi honetan, leitzarrak ere ezin izango du jokatu eta.

Atzelariak eskuin eskua minduta zuela amaitu zuen atzoko partida, eta gaurko probaren ostean, ostiraleko partidarako prest egonen ez dela ikusi du. Bere ordez Xabi Tolosa anoetarra arituko da.

Mendizabal eta Tolosak, beraz, ostiralean Artola eta Albisu izango dituzte aurkari.