NAIZ
BILBO

Everesteko lehen kanpalekura iritsi da Alex Txikon

Alex Txikon alpinista lemoaztarra buru duen espedizioa Everesteko lehen kanpalekura (6.050 metro) iritsi dela jakinarazi du haren lantealdeak.

Everesteko lehen kanpalekura iritsi da Alex Txikon alpinistaren espedizioa. (ALEXTXIKON.COM)
Everesteko lehen kanpalekura iritsi da Alex Txikon alpinistaren espedizioa. (ALEXTXIKON.COM)

Eguraldian izandako baldintza egokiak aprobetxatuta, Khumbuko izotz-jauzia atzean utzi eta ostiral gaua behin behineko lehen kanpalekuan (5.870) pasa ondoren, Alex Txikon alpinistaren lantaldea iritsi da lehen kanpalekura.

6.050 metrora dago lehen kanpaleku hori eta tenperaturak zero azpitik 30 graduetara arte jaisten dira.

Txikonek azaldu duenez, egun gogorrak bizi izan dituzte, pisu askoko materiala eraman behar izan baitute aldean.

Izotz bloke konplikatuei ere aurre egin behar izan dietela gaineratu du. Bereziki aipatu du «Heriotzaren Bidea», ibilbide guztiko 150 metro nahasienek osatzen dutena. «Zalantzarik gabe, esfortzu itzela egin behar izan dugu geure beldur eta kezka guztiak kontrolatu eta aurrera egiteko», esan du.

Atseden pixka bat hartu ondoren, datozen egunotan bigarren kanpalekura igoteko lanei egin beharko diote aurre.

Everest oxigenorik gabe neguan igo nahi du espedizioak, orain arte inork lortu gabeko erronka.