NAIZ
DONOSTIA

Kalakanek urtarrilaren 22an Victoria Eugenian aurkeztuko du ‘Ekhi’ ikuskizun berria

Kalakanek ikuskizun berria dauka, ‘Ekhi’, eta hilaren 22an aurkeztuko du Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Bertan kulturgile profesional eta amateurrak hariko dira «energia eta ekarpen truke aberatsa» bezala definitzen dutena.

Kalakanek ‘Ekhi’ lan berria aurkeztuko du urtarrilaren 22an Victoria Eugenia Antzokian. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Kalakanek ‘Ekhi’ lan berria aurkeztuko du urtarrilaren 22an Victoria Eugenia Antzokian. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Kalakanek urtarrilaren 22an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian aurkeztuko du diziplina anitzeko Ekhi ikuskizun berria. «Iparralde baten argazkia bat da, dauden Iparralde guztietatik baten argazki bat, bertakoek kultura nola bizitzen duten islatzen duena», azaldu du Donostia Kulturak ohar baten bidez.

Euskal kanta zaharrak eta sorkuntza berriak uztartuko ditu lanak eta partaide gazte nahiz helduak izango ditu. Osotara zazpi kantari, gitarra-jotzaile bat, hamar dantzari eta hainbat gonbidatu berezi. «Artista profesional eta amateurrak izango dira taula gainean, baina denak datoz enbor beretik, Ipar Euskal Herriko herri kultura aberatsaren parte izan dira jaiotzetik».

Kalakanek ikuskizun honekin kultura profesionaletik kanpo dagoen «kultur eszena aberats horri oihartzuna» eman nahi dio. «Amateurra izateak ez baitu zerikusirik talentuarekin», gehitu dute. «Euskal herritarrek eraiki behar dute euskal kultura eta ez profesionalek eta erakundeek bakarrik. Herriak libre jokatzen baitu, profesionalek eta erakundeek ez bezala, presio ekonomiko eta politikorik gabe», adierazi dute Donostian egindako aurkezpenean.

Horregatik, profesionalek, herritarrek eta erakundeek elkarrekin lan egitea «onuragarri» iruditzen zaio Kalakani, «energia eta ekarpen truke aberatsa izaten baita».