NAIZ
BILBO

TTIP eta CETA hitzarmenen aurka protestak egin dituzte, «herriek erabaki behar dutelako»

Europa mailako deialdiarekin bat eginez, Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Irun/Hendaian ere TTIP eta CETA merkataritza askeko hitzarmenen aurkako protestak egin dituzte.

Aterkiak erabili dituzte TTIP eta CETAren aurkako elkarretaratzeetan. Irudian, Iruñean eginiko protesta. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Aterkiak erabili dituzte TTIP eta CETAren aurkako elkarretaratzeetan. Irudian, Iruñean eginiko protesta. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP eta CETAren aurkako plataformek deituta, merkataritza askeko bi hitzarmenen kontrako protestak egin dituzte Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Hendaia/Irunen, Europa mailako deialdiarekin bat eginez.

Aipatu hitzarmenen aurrean babesteko beharra irudikatzeko, aterkiak baliatu dituzte Bilbo, Gasteiz  eta Iruñean.

Ipar Euskal Herriko TAFTA Stop plataformaren babesarekin, aldiz, Irun eta Hendaia bildu dituzte giza kate baten bitartez.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Europar Batasuna eta Kanadaren arteko merkataritza eta ekonomia ituna (CETA) «baieztapenerako azken fasean» dago. Otsaileko lehen egunetan Europako Parlamentuan akordio osoaren inguruko botazioa egingo dutela gaineratu dute eta, emaitza baiezkoa balitz, itunaren «atal asko behin behinean aplikatzen hasiko» liratekeela, eskualdeetako eta estatuetako parlamentuetan bozkatzen den bitartean (guztira 38 eta, azaldu dutenaren arabera, baten batek onartuko ez balu, akordioa bertan behera geldituko litzateke). 

CETA eta TTIP itunaren aurkako gaitzespena azaleratzeaz gain, mobilizazioekin dei egin nahi izan diete bozkatzeko eta erabakitzeko eskubidea duten parlamentuei, «ordezkatzen dituzten herritarren eskubide eta interesen alde jokatzeko» eskaera egin diete eta, ondorioz, CETAren aurka bozkatzeko eskatu diete, «suposatzen duen mehatxua kontuan hartuta».

«TTIP eta CETAren aurkako jarrera hartzeko eskatu nahi diogu Gasteizko Parlamentuari, lehenago Nafarroakoak egin zuen moduan», azpimarratu dute, eta jarraian nabarmendu «merkataritza interesek» ezin dutela «demokraziaren eta pertsonen zein planetaren interesen gainetik egon».

«TTIP eta CETri ezezkoa ematen diegu, herriek erabaki behar dutelako», aldarrikatu dute.