Gotzon ARANBURU
DONOSTIA

Informatika fakultatea

Hemen ez dago zalantzarik: matematiketan ona izan behar zara, ingeniari informatiko titulua besapean hartuta irten nahi baduzu. Informatikaren oinarria zenbakiak dira, 0 eta 1, sistema binarioa. Baina EHUko Informatika Fakultatearen historia eta egungo errealitatea azaltzeko zenbaki handiagoak behar dira: duela 40 urte sortu zen, 97 irakasle dauzka, 615 ikasle, eta orain arte 3.804 tituludun atera dira hemendik, horietatik 1.091 euskaraz ikasitakoak.

Informatika fakultateko hainbat ikasle, lanean. (Gotzon ARANBURU)
Informatika fakultateko hainbat ikasle, lanean. (Gotzon ARANBURU)

‘Bikain’ ziurtagiria jaso berri du Informatika Fakultateak, enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen dituen agiria. Eta hauxe da ‘Bikain’ eskuratzen duen lehenengo unibertsitatea, orain arte enpresak izan baitira ziurtagiria jaso dutenak. Arrazoi sobera dago, beraz, Donostiako campusera gerturatzeko eta fakultatea gertutik ezagutzeko, are gehiago bertako dekanoa eta dekanordea gidari izango ditugula jakinda.

Egun lasaiak dira urtarrileko lehenengo hauek, azterketa garaia da-eta. Nabari da kafetegian eta ikasgeletan. Laborategietan, berriz, martxa normala dago; aspaldi bukatu ziren ikerlarien Gabonetako oporrak. Robotak, droneak, ibilgailuak… denetarik dago apaletan, eta ia denek dituzte tripak bistan, txipak eta kableak agerian. Esan digu, bai, Maite Oronozek, akademia antolakuntzako dekanordeak, ingeniaritza informatikoa ikastera datozenek aparatuen barrunbeak ezagutzeko grina izan behar dutela. Kazetariari ere sortu zaio kuriositatea: zer ote dago Manex Agirrezabala ikerlariak mahai gainean daukan ‘Galtxagorri’ robot bertsolariaren buruan?

Berrogei urte bete ditu EHUko Informatika fakultateak. Eta duela 25 hasi zuen lizentziatura –hala zen orduan, bost urteko karrera– Maite Oronozek. «Ordurako, eta Kepa Sarasola, Patxi Angulo, Txelo Ruiz, Iñaki Alegria, Arantza Diaz de Ilarraza eta beste 15-20 irakasleri esker, lehenengo hiru ikasturteak euskara hutsean egin zitezkeen. Beldur pixka batekin ekin nien azkeneko bi kurtsoei, baina ohi den moduan ikasle euskaldunontzako ez zen arazo izan ikasketak gaztelaniaz egitea» diosku Maitek.

Garai haietan euskarazko taldea oso txikia izaten zen, 30 ikasle ingurukoa, eta gaztelaniazkoa handia, 100 bat lagunekoa. Gaur egun, antzeko kopuruko taldeak izaten dira. Ordenagailuei eta bestelako tresnei dagokienez, ordenagailuak pantaila beltza zuten terminalak ziren, zerbitzari bakar batera konektatzen zirenak. «Ordenagailua utzi, gelara joan, eta begiak itxiz gero –dio Oronozek– hizki laranjak edo berdeak ikusten genituen denbora tarte batez. Internet zer zen ez genekien, jakina. Bizpahiru laborategi geneuzkan, eta gaur egun berriz hogei».

Beste arlo batzuetan ez da, ordea, aldaketarik. Jakina da matematikek garrantzi handia dutena informatikan. Batxilergoko zentroetara graduaren berri ematera joaten direnean Maite eta beste irakasle batzuk, matematikak gutxienez gustatu egin behar zaizkiela esaten diete ikasleei, eta gero, lana eginda, ia edozer gauza dela gainditzeko modukoa. Kontua da matematikak abstrakzio maila bat eskatzen duela, gero graduan ezinbestekoa dena. Abstrakzio maila horrek ariketak egiten laguntzen die, eta ikasketak errazagoak gertatuko zaizkie.

Matematikan nota altua

Maite Oronozek dioenez, matematikako nota altuarekin etortzea eta lehenengo urteko ikasgaiak gainditzea estuki lotuta daude. Lehen maila hori aprobatuta, hurrengo ikasturteak errazago gainditzen dira. Baina badira beste ezaugarri batzuk ere bai, Informatika Ingeniaritza gradua zein ikasle motarentzat den egokia jakiteko. Sorkuntzak eta berrikuntzak interesa piztu behar dio, eta teknologia eta aplikazio berriak sortzeko grina ere izan behar du. Taldean lana egiten jakitea ere ezaugarri garrantzitsua da; ia irakasgai guztietan lan praktikoak bizpahiru kideko taldeetan egiten dituzte ikasleek.

Gradua amaitutakoan, zer nolako profesionala irtengo da fakultatetik? Edozein programazio lengoaiatan lan egiteko gai izango dena, programazio oinarri sendoak hartzen baitituzte, eta proiektuak –enpresakoak, ikerkuntzakoak…– kudeatzeko gai izango dena. «Iniziatiba eta sistematikoa izatea, ez dakit ez ote dauden izaerarekin lotuagoak. Biak izatea primeran etorriko zaio, dudarik gabe» diosku Maitek.

Graduaz gain masterra ere egiten duen ikaslea gai izango da 50-100 langile dituen enpresa bateko informatika-arduraduna izateko. Galdera hauei erantzun beharko die: Zer konputagailu erosi behar du enpresak? Nola antolatu horiek sarean? Zein aplikazio informatiko erosi beharra izango da, eta zein sortuko da enpresan bertan? Nolako webgunea izango du? Zer salduko du internet bidez eta nola?

Beste edozein ofiziotan bezala, ingeniari informatikoari lan «errutinarioagoak» edo «kreatiboagoak» eskainiko dizkio lan merkatuak. Lehenengoen artean, dagoeneko sortua dagoen proiektu edo programa bat egokitzea, aldatzea edo hobetzea egon daitezke. Esate baterako, beste norbaitek banketxe baterako sortutako 3.000 lerroko programa bat ulertzea eta aldatzea aspergarri samarra gerta daiteke, nahiz eta beti geratu kreatibitaterako tarte txiki bat. Aukera handiagoa izango du, hori bai, hardwarea edo softwarea diseinatzen aritzen bada, edo ikerketa proiektuak sortzen. Gaur egun, telefono mugikorrekin, «hodeia»rekin eta datu kopuru eskergekin lan egiteak aukera asko eta oso sortzaileak eskaintzen omen dizkio ingeniari informatikoari.



Hizkuntzaren gaia ere kontuan hartu beharrekoa da. Ingelesa bigarren mailan eskaintzen da. Bigarren maila honetan irakasgaiak hiru hizkuntzatan egin daitezke. Adibidez, «konputagailuen arkitektura» ikasgaiak ordutegi bera du euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Horrela, ikasleak lauhileko batean jasoko dituen bost irakasgaietatik hiru egin ditzake, esaterako, euskaraz, eta beste biak ingelesez. Hau da, taldean tokia egonez gero, nahi duen hizkuntza aukera dezake ikasleak. Zehatzago esateko, lehenengo mailan bi talde daude, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz; bigarren urtean hiru talde, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez; hirugarren mailan ikasleek espezialitatea aukeratzen dute –konputagailuen ingeniaritza, software ingeniaritza edo konputazioa– eta espezialitate bakoitzean euskarazko eta gaztelaniazko taldeak daude.

Azken urtean, oraingoz 22 hautazko irakasgai dauzka graduak, eta hauek oso espezializatuak direnez bakoitza hizkuntza bakarrean eskaintzen da, euskaraz edo gaztelaniaz. Datorren ikasturtean, hiru ingelesez izango dira.

Informatika euskaraz irakasteko, lehenik eta behin materiala sortu beharra zegoen. Hasierako urte haietatik ekin zion lan horri unibertsitateak. Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) Inguma datu basean euskarazko 58 liburu azaltzen dira informatikaz, gehienak UEUk, Elhuyarrek edo UPV-EHUk sortuak, edo erakunde horien arteko lankidetzan. Horrez gain, UEUko Otarrean eskuragarri daude euskarazko 70 apunte-sorta edo material tekniko.

Erakunde arteko koordinazioa

Galdera egin diogu Kepa Sarasolari, Informatika Fakultateko dekanoari, ea badagoen nahikoa sinergia antzeko alorretan lan egiten duten erakundeen artean, nahikoa koordinazio. «Esango nuke baietz. Erakunde bakoitzak bere espezializazioa bilatu du eta denen artean egiten dira hainbat proiektu. Egin genezake gehiago, bai, baina pozik egoteko modukoa da daukagun lankidetza maila. Mundu mailan euskararen moduko beste hizkuntza batzuetan beti ez da lortu lankidetza hori, beti ez dira iritsi guk lortu dugun ekoizpen mailara. Hala ere, oraindik ez daukagu erabat euskaraz aritzen den unibertsitatea, Euskal Unibertsitatea» diosku bere bulegoan.



Gorago esan bezala, Informatika fakultatea izan da ‘Bikain’ ziurtagiria lortu duen aurreneko zentroa, unibertsitate guztien artean. Prozesuan hainbat arazorekin topo egin dute, agiria enpresei zuzendua baitago, enpresengan pentsatua. Esaterako, fakultatearen bezeroak nortzuk diren eta euskaraz emandako zerbitzuarekin pozik al dauden galderari erantzun behar izan diote. Zein da, ordea, unibertsitatearen bezeroa? Bada, erantzun dute askotariko bezeroak dituztela. Batetik, ikasleak. Baita euskara ganoraz eta erosoago erabiltzeko lan egiten duten elkarteak ere, «mundu digitalean euskara errazago erabiltzeko tresna eta baliabide anitz sortu ditugulako fakultate honetan», Sarasolaren hitzetan. Eta euskal gizartea bera ere bai, beharrezko dituen profesional berriak euskaraz prestatzen dituztelako.

‘Bikain’ ziurtagiria lortzeko, lau ardatz dituen ebaluazioa gainditu behar da. Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa, kanpo harremanak, barne harremanak, eta hizkuntza kudeaketa, hona lau atalak. Bada Informatika Fakultateak bikain gainditu ditu azterketa guztiak. Gainera, ekarpen berezia egiten du fakultateak, informatikan erabiltzen den euskara etxe honetan garatu delako nagusiki. Fakultateko hainbat ikerkuntza taldek euskararekin lan egiten dute zuzenean, esate baterako Ixa taldeak, RSAIT taldeak edo GALAN taldeak. Ixak batez ere hizkuntza ezberdinetako testuekin egiten du lan, RSAITek roboten euskarazko ahotsaren sorkuntzan eta GALANek hizkuntza eta hezkuntzan.

Bai Kepa, dekanoa, eta bai Maite, dekanordea, Ixa taldekoak dira. Une honetan osasun arloko terminologia euskaratzen ari dira, hitzen esanahia ustiatzen, itzultzaile automatikoak garatzen, hizkuntza analizatzaileak sortzen eta ia zerrendaezinak diren hainbat lanetan.

Informatika enplegu-tasa handienetakoa duen ikasketa da. «Gure informatikarien %98 lanean ari da, eta informatikaren munduan lanean gainera. Astero jasotzen ditugu lan-eskaintzak enpresetatik, eta guk ikasle ohiei birbidaltzen dizkiegu, baina enpresa gehienek ez dute inor libre aurkitzen. Oraindik gradua bukatu gabe dauden hainbat ikasle ere ari dira lanean» diosku Sarasolak, erdi triste eta erdi harro.