NAIZ
TOLOSA

Gazte bat atxilotu dute, Tolosako bortxaketarekin zerikusia duelakoan

20 urteko gazte bat atxilotu du bart Ertzaintzak Tolosan, adin txikiko neska baten aurkako sexu erasoarekin zerikusia duelakoan. Gaur arratsaldeko 19.00etan elkarretaratzea deitu dute eta ostegunerako manifestazioa.

Tolosan 2015ean izan zen sexu eraso baten aurkako elkarretaratzea. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Tolosan 2015ean izan zen sexu eraso baten aurkako elkarretaratzea. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 20 urteko gizonezko bat atxilotu dute bart 22.00etan Tolosan, adin txikiko neska baten sexu aurkako erasoarekin zerikusia duelakoan.

16 urteko neskak atzo goizean jarri zuen salaketa Ertzaintzaren komisaldegian, igande goizaldean bortxatu egin zutela-eta. Ikerketa hasi zuen Poliziak eta atzo gauean gizonezko bat atxilotu zuen.

Tolosako Udalak, inauterietako eragileek eta mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egingo dute gaur Plaza Zaharrean, gertatua salatzeko. Ostegunerako manifestazioa deitu du mugimendu feministak, 19.30ean Triangulotik abiatuta.

Emakunderen deia

Inauteriak gertu daudela-eta, Emakundek errespetuaren aldeko deia egin du eta indarkeria sexistarik gabeko jaien aldeko mezua helarazi du. «Jarrera aktiboa eta sendoa» eskatu du emakumeak errespetatzen ez dituzten edozein adierazpen fisikoren edo hitzezkoren kontra, eta «Ez beti da ez» mezua gogora ekarri du.