NAIZ
GASTEIZ

Dani Agirre nafarrak irabazi du Bilbo-Gasteiz Basque Ultra Trailaren lehen edizioa

Hasiera-hasieratik buruz-buruko lehian aritu da Jon Erdaiderekin, baina azken txanpan Dani Agirre nafarra izan da indartsuena Basque Ultra Trail probaren lehen lasterketan. Probak 110 kilometro izan ditu Bilbo eta Gasteiz artean, 10.500 metroko desnibelarekin.

Dani Agirrek irabazi du Basque Ultra Trailaren Bilbo-Gasteiz proba. (BASQUE ULTRA TRAIL)
Dani Agirrek irabazi du Basque Ultra Trailaren Bilbo-Gasteiz proba. (BASQUE ULTRA TRAIL)

Dani Agirre nafarra izan da indartsuena Basque Ultra Trailaren lehen proban. Bilbo eta Gasteiz lotu dituzte, 110 kilometrotan eta 10.500 metroko desnibela gaindituta. 12:43:28 behar izan du helmuga harrapatzeko. Bigarren lekuan sailkatu da Jon Erdaide gorliztarra, 11 minutu beranduago.

148 korrikalari abiatu dira gauerdian Bilboko Areatzatik, Pagasarrira bidean. Agirre eta Erdaiderekin batera, Nuno Silva portugaldarra zegoen buruan momentu horretan. Erdaide eta Silva aurretik joan dira uneren batean ere, baina Agirre ez da itsutu.

Murgian, helmugatik 40 kilometrora, lau minutuko aldea zuen Erdaidek Agirrerekiko, eta tartean zen oraindik Silva. Baina amaieran indarrak hobe kudeatu ditu Agirrek eta lautadan bi aurkariak garaitu ditu, Gasteizen buruan agertuz.

Hurrengo proba, Gasteiz eta Iruñea lotuko dituena, maiatzaren lehen asteburuan ospatuko da.