NAIZ
DONOSTIA

18.317 webgunek daukate euskarazko edukiren bat

Euskal Herrian guztira 230.000 domeinu izen daude erregistratuta, domeinu nagusiak (.com, .org, .net, .es eta abar) kontuan hartuta, eta horien artean 6.032 .eus dira. Euskara duten webguneak 18.317 dira, eta horrela, hiru domeinu izenetik bat .eus da.

Emakumeek ingurune digitalean duten presentzia aztertu dute mahai-inguru batean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Emakumeek ingurune digitalean duten presentzia aztertu dute mahai-inguru batean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Bigarren urtez jarraian euskarak Interneten duen presentzia aztertu du PuntuEUS Behatokiak, eta 2016ko datuen gainean egindako neurketaren emaitza aurkeztu du Josu Waliño PuntuEUS Fundazioko zuzendariak Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egindako aurkezpenean. Jarraian, emakumeak ingurune digitalean duen presentzia aztertu da mahai-inguru batean, Edurne Larraza, Lore Martinez Axpe, Eli Pombo eta Lorea Argaraterekin.

Azaldu dutenez, Euskal Herriko webguneen %13k erabiltzen du euskara, hau da, Euskal Herriko 18.317 webgunek dute edukiren bat euskaraz. Datu hau, bat dator Euskararen Kale Erabileraren azken neurketarekin. Euskararen presentzia nabarmenagoa da .eus domeinuetan, eta euskarazko edukia duten webgune kopurua %90ekoa da. «Esan daiteke beraz .eus domeinua dela euskararen arnasgune digitala», adierazi du Waliñok.

Gainerako domeinuen kasuan, euskararen presentzia haien webguneetan %20aren azpitik dago kasu gehienetan. .org domeinua da euskara gehien duena, webguneen %34k euskarazko edukia duelarik, baina gainerako kasuetan euskararen presentzia oso txikia da.

Emakumea

PuntuEUS Behatokiak emakumeak Interneten duen presentzia ere neurtu du aurten. Horrela, .eus domeinua erregistratzen dutenen %25 baino ez dira emakumeak, eta emakumeek ingurune digitalean duten presentzia txikia da nonahi.

Europako Batzordeak argitaratutako ikerketaren arabera, IKT-en alorrean lan egiten duten zazpi milioi pertsonen artean %30 baino ez dira emakumezkoak, eta ehuneko hau are txikiagoa da ardura postuetan, %19ra mugatuz.

UMAP txiolari euskaldunen jarduna jaso eta filtratzen duen webgunearen arabera, euskal txiolarien artean %33 dira emakumeak.

Erabiltzaileen sailkapenari erreparatuta, 22 emakume ageri dira lehen 100en artean eta bat bera ere ez lehen hamarren artean.