Jon Ormazabal

Distira gutxiagorekin, emaitza bera (22-15)

Irribarria-Rezustak finalerdietako lehen puntua lortu dute Jose Javier Zabaletak egindako 10 hutsei etekina ateraz.

Justuago, baina irabazi egin dute gaur ere Irribarria-Rezustak. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Justuago, baina irabazi egin dute gaur ere Irribarria-Rezustak. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Ez dute azken asteetako distirarik izan euren jokoan Irribarria-Rezustak, baina finalerdietako ligaxkako lehen puntua lortu dute gipuzkoarrek, Elezkano II.a-Zabaletari 22-15 irabazita. Beharrik ere ez dute izan, serio jokatuta, nahikoa izan baitute Zabaletak egindako opariak jasotzearekin. Etxarrengoak sei huts egin ditu jokoan eta eramateko lau sake utzi ditu erantzun gabe; hortik joan zaie partida urdinei.

0-3 aurreratzea lortu duten arren, Jose Javier Zabaletak oso hasiera txarra eman dio partidari; gozakaitz, hutsak bildu eta eraman beharreko sake batzuk erantzun gabe utziz. Gauzak horrela, gorriak 9-3 eta 13-5 aurreratu dira markagailuan, ezkerrek egindako 2 tantorekin.

Aldeak erabakigarria zirudien, baina Danel Elezkanok partidari eusten asmatu du, bere atzelariak gora egingo zuenaren esperoan. Zaratamokoak asmatu egin du errematean eta pixkanaka gerturatu dira markagailuan 17-14 eta 18-15, Etxarrengoaren mailak gora egin ahala.

Hala ere, partida amaieran berriz ere behar ez ziren akatsak egin ditu eta gipuzkoarrek 22-15 irabazi dute.