Jon Ormazabal

Aimar Olaizolak bete du Untoriaren hutsa (22-15)

Zabaleta piloteoan oso nagusi izanda, Aspekoak 8-11 aurreratu dira, baina ez dute lehia hautsi eta Goizuetakoak bere aldera ekarri du partida, gantxoarekin asko asmatuz.

Aimar Olaizola, partidaren une batean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Aimar Olaizola, partidaren une batean. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Unerik txarrenetan sufritzen jakinda, Aimar Olaizola eta Alvaro Untoriak behar-beharrezkoa zuten puntua lortu dute, Elezkano-Zabaletaren aurka 22-15 irabazita. Partidaren lehen zatian Aspekoak ez dira gai izan piloteoan nagusi zirenean alde handirik hartzeko eta garesti ordaindu dute.

Partidari kosta egin zaio norabide zehatz bat hartzen, izan ere, bikote bakoitzean pilotari bat nabarmendu baita bere alorrean, Aimar Olaizola aurrean eta Jose Javier Zabaleta atzean. Jokoaren ekimena Aspekoena izan da gehienetan, piloteoan Untoriak ezin izan baitu Zabaleta eutsi. Hala ere, Aimar Olaizola arduratu da partidaren oreka mantentzen.

Izan dute hala ere gorriek euren krisi momentua, Elezkano-Zabaleta 8-11 aurreratu direnean, baina  Asegarceko aurrelariak nahikoa izan du Zabaletaren beheralditxo bat, instant batean partida bere alde eramateko.

Zabaleta ez da hasierako erritmoari eusteko gai izan, Elezkanok ere izan ditu arazotxo batzuk ezker eskuan duen zauri batekin eta partidatik irten dira. Bere momentuaren zain zen Olaizola II.ak ez du aukera pasatzen utzi eta bere gantxoarekin partida bere aldera ekarri du, txapelketan bizi-bizirik mantentzeko.