Irribarria-Rezusta, kolpez-kolpe, ia finalean (22-14)

Doostiako emaitzarekin lau bikoteak helduko dira finalerako aukerekin azken jardunaldian, baina gipuzkoarrek lanak oso bideratuta dituzte Bengoetxea-Larunbe 14 tantotan utzita.

Jon Ormazabal|DONOSTIA|19/03/2017 19:35
Pilota
Irribarria eta Bengoetxea, partidan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ez dute ezer erabaki, baina finalerako lanak oso bideratuta utzi dituzte Irribarria eta Rezustak ligaxkako bigarren puntua lortuta. Orain arteko bi partidetan Bengoetxea VI.ak eta Larunbek lortua zuten gipuzkoarren pausua aldatzea eta garaipena eskuratzea baina gaur ez diete inolako aukerarik eman eta kolpeka atera dituzte kantxatik.

Partida hasiera ikusgarria osatu dute bi ezkerrek. Pilota izugarrizko abiaduran erabili dute eta Larunbe kristalezko errebotean izan dute une askotan, markagailuan 9-3 aurreratuz. Hala ere, sakeak txokotik aterata eta errematean ausart jokatuz, saiatu da Oinatz Bengoetxea gorriak nahasten eta baita zenbait unetan lortu ere egin du. Irribarriaren hiru hutsi etekina aterata 9-9 berdindu dute Asegarcekoek partida, euren pilota kantxan ipinita.

Hala ere, gantxo on batekin Irribarriak eten du Asegarcekoen bolada ona eta eurenari eman dio hasiera. Serio jokatuz, pilota uneoro gozatuz, atzean kargatu dute jokoa gorriek eta ia zuzenean joan dira 22. kartoira. Azkenerako 7 huts pilatuta bere estatistikak itsusitu diren arren, ezin da esan, inondik inora, Mikel Larunbek partida txarra jokatu duenik, are gutxiago aurkariek jo duten ikusita.