NAIZ

Etxeratek «modu baikorrean» baloratu du Espetxe Zaintzako ikuskatzailearen txostena

Adeline Hazan, Frantziako Espetxe Zaintzako kontrolatzaileak, txosten batean bildu du dispertsioa presoen «eskubideen kontra» jotzen duela, eta Etxeratek «modu baikorrean» baloratu du. «Soilik eskubideen ikuspuntutik aztertuak direnean agerian gelditzen dira eskubide urraketa larriak, eta horien justifikazio eza demostratzen du txosten honek»

Etxeratek «modu baikorrean» baloratu du Adeline Hazan, Frantziako Espetxe Zaintzako kontrolatzaileak, bere urteko txostenean jasotakoa, «euskal presoak sistematikoki beren senideengandik urrunduak direla eta horrek familiekin lotura mantentzeko duten eskubidearen kontra jotzen duela» jasotzea.

«Azken aldian, euskal presoek senideekiko harremanak izateko duten eskubidea urratua ez dela adierazteko justifikazio faltsuak erabili dituzte frantziar zein espainiar espetxe arduradun eta salbuespen politiken defendatzaileek eta horiek argudiatzeko guk, senide eta lagunok, egiten ditugun bisiten kopuru eta zerrendak erabili dituzte», gogorarazi dute ohar baten bidez.

Horren harira, azpimarratu egin dute dispertsio politikak sortzen dituen «ondorio dramatikoak», bai ekonomikoki, bai bizi arriskuari dagokionean. «Zentzu honetan, interes politikoengandik at aztertzen direnean gure eskaerak, hau da, soilik eskubideen ikuspuntutik aztertuak direnean agerian gelditzen dira eskubide urraketa larriak, eta horien justifikazio eza demostratzen du txosten honek», baloratu dute.

Honela, «egoera larri horien berehalako konponbidea» eskatzen du Etxeratek.