NAIZ
BILBO

‘Euskara denontzat doan’ ekimena jarri du martxan Kontseiluak

‘Euskara denontzat doan’ ekimena martxan jarriko du Kontseiluak AEKrekin batera, Korrikaren 20.edizioaren baitan. Helduen euskalduntzean gaur egun dagoen laguntzen egoera «anabasa» hitzarekin definitu dute eta bide horretan lanean jartzeko asmoa azpimarratu dute.

‘Euskara denontzat doan’ ekimenaren berri eman du Kontseiluak Bilbon. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
‘Euskara denontzat doan’ ekimenaren berri eman du Kontseiluak Bilbon. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Euskara denontzat doan aldarrikatzeko datozen hilabeteotan egingo duen ekimenaren berri eman du Kontseiluak Bilbon egindako prentsaurrekoan. Paul Bilbao idazkari nagusiarekin batera, AEK-ko Mertxe Mugika, IKAko Joxemi Regero eta Maizpideko Jon Urdangarin egon dira agerraldian.

Gaur egun, bere burua euskaldundu nahi duen pertsona helduak prozesu hori egiteagatik, «ahalegin intelektualaz gain, ekonomikoa ere» egin behar dutela nabarmendu dute. «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskara hizkuntza ofiziala da eta hau ikastea eskubide da. Beraz, zerbitzu publiko gisa hartu behar da horri lotuta egiten den jarduna eta horren erantzukizun zuzena administrazioarena da», azaldu du Bilbaok.

Lakuak, zentzu honetan, «urrats bat» eman duela adierazi du doakotasunaren bidean.
«Gogor egingo dugu lan Eusko Jaurlaritzak hartutako bidea ahal bezain urrunen heltzeko. Lankidetzan jardutea dagokigu orain, erantzukizunez eta eraginkortasunez», gehitu du.

Helduen euskalduntzean gaur egun dagoen laguntzen egoera «anabasa» hitzarekin definitu du Kontseiluko eledunak. «Ez dago laguntzen alorrean inolako irizpide komunik eta desberdintasunak oso handiak dira. Leku batzuetan, laguntza publikoei esker prozesua doan egin daiteke gaur egun, baina gehienetan ikasleak bere poltsikotik jarri behar du dirua».

Eta, bide horretan, AEK-ko eledun Mertxe Mugikak ‘Euskara denontzat doan’ ekimenaren berri eman du. Gaia gizarterateratzeko, 20. Korrikaren baitan egingo dena. «Baionan, Bilbon,  Donostian, Gasteizen eta Iruñean izango dira doakotasunaren aldeko kilometroak eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu», azaldu du. Ondoren, «uda bitartean, euskaltegiekin, euskara ikasleekin eta ikasle ohiekin landuko dugu gaia».