NAIZ
GASTEIZ

Gaixo dagoen Oier Gomez presoaren askatasuna eskatu du Gasteizko Udalak

Gasteizko Udaleko bilkurak Oier Gomez euskal preso politikoaren askatasuna eskatu du. Alderdi guztiek babestu dute eskaera, PPk izan ezik. Gaixotasun larri bat dauka frantziar Estatuko Meaux espetxean preso dagoen gasteiztarrak.

Oier Gomezen askatasuna eskatu du Gasteizko Udalak. (@miren_larrion)
Oier Gomezen askatasuna eskatu du Gasteizko Udalak. (@miren_larrion)

Arabar hiriburuko Udalak larriki gaixo dagoen Oier Gomez euskal preso politiko gasteiztarraren askatasuna eskatu du. PP izan da kontra egin duen alderdi bakarra. Frantziar erakundeei gaixo dauden presoen inguruko «nazioarteko legea betetzea» eskatu diete.

Era berean, akordio hau Gomezen egoeraren inguruan erabakia hartu behar duen epaitegiari ere bidali zaio, baita frantziar Estatuko Barne Ministerioari.

Adostu duten testua, Sarek bultzatu eta PSEk aurkeztu du gaurko bilkuran, EH Bilduk hasiera batean aurkeztutakoa ordezkatuz. Koalizioak Gomezen askatasuna «arrazoi humanitarioengatik» egitea eskatzen zuen, eta PSEk «gaiak ez nahastea» eskatu du eta «garrantzitsuari ematea garrantzia: presoaren larritasuna eta espetxe zigorra».

PPk kontra egin du eta «hausnarketa» bat eskatu du, haien arabera, gaurko mozioak «Bilduren estrategia laguntzen du-eta, biktimak eta borreroak nahasten dituelako». Hauen arabera, testuak frantziar Estatuan «zuzenbide estatua betetzen ez dela» adierazten da.

EH Bilduk, aldiz, Miren Larrionen ahotik, eztabaida «zigorren aplikazioaz ez, baizik eta Gasteizko bizilagun baten egoeraren inguruan» izatea eskatu du. Honela, Gomezen askatasuna aldarrikatu du «legaltasuna, gizatasuna eta eskaera sozial bat dela» nabarmenduz. Irabazi eta Podemoseko kideek bat egin dute aldarrikapen honekin.