NAIZ

Hiru puntu eskuratu ditu Realak, bat Athleticek eta esku hutsik itzuli da Oiartzun

Mota guztietako emaitzak erdietsi dituzte igande honetan emakumezkoen euskal taldeek. Irabazi egin du Realak Zubietan (1-0), berdindu Athleticek Vicente Calderonen (1-1) eta esku hutsik itzuli da Oiartzun Valentziatik (3-0).

Realeko jokalariak, pozik irabazi ostean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Realeko jokalariak, pozik irabazi ostean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Zorte ezberdina izan dute igande honetan emakumezkoen euskal taldeek, emaitza ezberdinak erdietsi baitituzte guztiek.

Reala izan da irabazi eta hiru puntuak eskuratzea lortu duen talde bakarra. Zubietan aritu dira txuri-urdinak Albaceteren aurka, sailkapen nagusian atzetik duten talde baten aurka. Baina kosta egin zaie gipuzkoarrei hiru puntuak eskuratzea.

Lehen zati makala jokatu dute, eta soilik aukera bat izan dute markagailuan aurreratzeko. Bigarren zatian, baina, erritmoa apur bat bizkortu eta nagusi izan dira, harik eta 81. minutuan Leyre Fernandezek bat eta hutsekoa egin duen.

Neurketa zaila zuen, berriz, Athleticek, zeinak Vicente Calderonen jokatu duen Atletico Madrilen aurka, liderraren aurka hain zuzen. Neurketa 0-0 iritsi da atsedenaldira, baina zelaira itzuli eta segituan, 48. minutuan, egin dute gola zuri-gorriek Nekaneren bidez.

Neurketa amaitzeko hiru minutu soilik falta zirela, baina, etxekoen aldeko penaltia adierazi du epaileak; Sonia Bermudezek jarri du amaierako banakoa markagailuan.

Lan gogorrak zituen Oiartzunek ere aurretik Valentzian zelairatu denean. Ondo zelairatu dira oiartzuarrak, baina atsedenaldira iritsi aurretik, 42. minutuan, Mari Pazek sartu dien golak min handia egin die. Gainera, segituan egin die Mari Pazek bigarrena, eta minduta iritsi dira atseden hartzera.

Zelaira itzuli eta minutu batzuen buruan egin du hirugarrena Valentziak, neurketa erabat itxiz. Aldaketa guztiak eginda zituela, gainera, Ane Otxoa atezainak min hartu du eta Estik amaitu behar izan du neurketa atezain lanetan.

Jarraitu Emakumeen Ligako xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.