Jon Ormazabal

Irribarria-Rezusta eta Bengoetxea-Larunbek jokatuko dute finala (22-18)

Bikote gipuzkoarrak erraz lortu du finalerako txartela, baina 11-3 aurreratu ostean, kosta egin zaie 17-18 aurre hartu duten Olaizola II.a-Untoriari partida irabaztea.

Aimar Olaizola Irribarria zoriontzen partida amaieran (ARGAZKI PRESS)
Aimar Olaizola Irribarria zoriontzen partida amaieran (ARGAZKI PRESS)

Irribarria-Rezusta eta Bengoetxea VI.a-Larunbek jokatuko dute apirilaren 9ko Binakako Txapelketako finala, gipuzkoarrek Olaizola II.a-Untoriari, partida gorabeheratsu batean, 22-18 irabazi ostean.

Gipuzkoarren lehen helburua 10 tantotara heltzea zen, kopuru horretara heltzearekin ziurtatuta baitzuten finalerako txartela. Ete lehen nahi hori berehala ase dute Aspeko ezkerrek. Ideiak oso argi zituztela ekin diote neurketari eta, pilota gogor astinduz, berehala aurreratu dira 5-0 lehenengo eta 11-3 geroxeago. Euren pilotarekin airean erabili dituzte Asegarcekoak, Aimar Olaizola gainetik pasa dute, ez diote jokoan sartzen utzi eta Irribarriak ere errematean ondo asmatu duenez, partidak erabakia zirudien lan erdietara iristean.

Finalean sartuta zeuden arren, garaipena ere nahi izan dute, baina uste eta nahi baino gehiago kosta zaie, 16-7 eta 17-10 aurreratu diren arren. Hala ere, urdinek euren pilota jokoan jarri ahal izan dutenean partidaren gidoia erabat aldatu da, gorriek ezin zuten Olaizola II.a pasatu, Goizuetakoak ikaragarri asmatu du errematean eta bigarren atsedenaldi luzera aurretik heldu dira, tanto bakarraz izan bada ere (17-18).

Aimarrek kanpora bota du gantxo bat, Irribarria eta Rezustak pilota berri bat jarri dute jokoan eta material biziago horrekin lekutik atera dituzte aurkariak, Bengoetxea VI.a-Larunberen zorionerako.