NAIZ

«Bakearen artisau» bilakatzea erabaki du Izura-Azmeko Udalak

Nafarroa Behereko Izura-Azmeko Udalak «bakearen artisau» bilakatzea erabaki du aho batez eta apirilaren 8ko desarme egunerako deia egin du.

Nafarroa Behereko Izura-Azmeko Udaleko hamaika kontseilariek aho batez erabaki dute «bakearen artisau» bilakatzea eta heldu den apirilaren 8ko desarme egunerako deialdia egitea.

«Egun horretan parte hartuko dugu eta bake zuzen eta iraunkor baten arrangura duten herritar guztiak gurekin bat egitera gomitatzen ditugu», adierazi dute.

Onartutako adierazpenean diotenez, Luhusoko ekimenak «perspektiba berriak» ireki ditu ETAren armagabetzea eta bake prozesuaren garapenari begira, baina Gobernu frantsesari inplikazioa eskatuz egin dizkioten eskaerek ez dute erantzunik izan.

Beren iritziz, nazioarteko adituek egiaztaturiko armagabetze prozesu ordenatu batean frantses Gobernuaren parte-hartzea da aukerarik onena, eta datozen egunotan «gisa horretako prozesu bat gauzatu daitekeela» espero dute.

«Bakoitzak bere ardurak hartu behar ditu»

Baina bake prozesuaren geldiune baten arriskuaren aurrean, «bakoitzak bere ardurak hartu behar dituela» uste dute, prozesua «bururaino joan dadin» eta Euskal Herrian «bake zuzen eta iraunkor bat finkatu dadin».

Izura-Azmeko hautetsiak konbentzituta daude «armagabetze osoa gatazka behin betiko konpontzeko eta bortizkeria egoera batera ez itzultzeko baldintza saihestezina» dela.

«Atera behar baita egoera zentzugabe honetatik, zeinean, alde batetik ETAk erakunde armagabetua bilakatu nahi duen lehenbailehen, eta bestetik bi estatuek pausu hori eman dadin ukatzen duten», nabarmendu dute.