NAIZ
MADRIL

Auzitegi Nazionalean deklaratzeari uko egin diote Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxeak

2008an Inaxio Uria enpresaria hiltzea egotzita, Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxearen aurkako epaiketa hasi da Auzitegi Nazional espainolean eta biek egin diote uko deklaratzeari. Lekuko gisa deklaratu duten Manex Castro, Iraitz Santa Cruz, Ibai Beobide eta Josune Baldak poliziaren eskutan torturak eta mehatxuak jasan izan zituztela azpimarratu dute epailearen aurrean.

Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxea, Auzitegi Nazionalean. (POOL EFE)
Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxea, Auzitegi Nazionalean. (POOL EFE)

Auzitegi Nazional espainiarrean gaur hasi da Aginagalde eta Larretxearen aurkako epaiketa. 2008ko abenduaren 3an Altuna y Uria enpresako buru zen Inaxio Uria hiltzea egotzita, «erakunde terroristako kide izatea, legez kanpoko atxiloketa egitea, ibilgailu bat lapurtzea, kalte terroristak eta hilketa» delituak leporatzen dizkiete.

Fiskaltzak 59 urteko espetxe zigor bana eskatzen du bientzat.

Epaiketa hastearekin batera, inolako adierazpenik egiteko asmorik ez zeukatela jakinarazi diote epaimahaiari Aginaldek eta Larretxeak.

Torturak eta mehatxuak gogora lekukoek

Kasu honengatik epaitua eta zigortua izan zen Manex Castrok lekuko gisa deklaratu du Auzitegi Nazionalean eta, azpimarratu duenez, epaiketan egin zituen deklarazioak ez ditu gogoratzen «tortura eta mehatxupean» egin zituelako.

«Ertzaintzak testua ikastera behartu ninduen. Ez dut ezer gogoratzen. Jo egiten ninduten, ez zidaten lo egiten uzten eta presio psikologikoa egiten zidaten», azaldu du Castrok.

Lekuko gisa deklaratu duten Iraitz Santa Cruzek, Ibai Beobidek eta Josune Baldak ere nabarmendu dute torturak jasan izan zituztela eta poliziek esan zietela deklaratu beharrekoa.

Inaxio Uria hil zuteneko atestatua instruitu zuen ertzainak ere deklaratu du eta, epaimahaiari esan dio Beñat Aginalde izan zela enpresariari tiro egin ziona.

Beste ertzain batzuek eta Uria hiltzeko erabili zuten autoaren jabeak ere deklaratu dute gaurko saioan.