NAIZ
DONOSTIA

Satorralaia mugimenduak mobilizazioa deitu du larunbaterako Donostian

Satorralaia bizilagunen mugimenduak metroaren pasantea gelditzeko manifestazioa deitu du Donostian datorren apirilak 1 larunbatean, 12:00etan Easo Plazatik abiatuta. «Obra faraoniko eta behar gabeko honen aurkako oposizioa lantzen eta mobilizatzen segituko dugu», adierazi dute.

Satorralaia mugimenduko kideek mobilizazioa deitu dute larunbaterako. (Satorralaia)
Satorralaia mugimenduko kideek mobilizazioa deitu dute larunbaterako. (Satorralaia)

‘Metroaren pasanteari ez!’ lelopean, manifestazioa egingo dute larunbatean Donostian. «Zentzugabeko egitasmo honen aurrean sinesgogor eta isilik dirauten herritarrei ere zuzendu nahi diegu gaurkoan, gero ez dadin inor damutu».

Proiektuaren prozesu guztia «hasieratik ilunkeria nabarmenarekin» bideratua izan dela nabarmendu dute. Lakuak aurtengo aurrekontuetan obrak hasteko asmoz 4’7 milioi euroko partida bat sartu du, eta beste 177 milioi ditu datozen lau urteetarako. «Pasantea bultzatzen duten erakundeei proiektu hori behingoz gelditzeko eta Donostiarentzat garraio publikoko eredu egokienaren eta eraginkorrenaren inguruan herritarrek debatitzeko eta azken batean erabakitzeko aukera izan dezagun prozesu partehartzaile bat ireki dezatela eskatzeko aterako gara kalera».

Donostian metro bat eraikitzea «ez dela beharrezkoa» eta egitasmo hori «inposatua» dela nabarmendu dute. «Hiriak garraio publikoko sare nahiko ona du eta mugikortasuna hobetzeko proposamen eraginkorragoak eta kostu ekonomiko nahiz inpaktu sozial askoz txikiagokoak badira», gehitu dute Satorralaia mugimenduko kideek. 

Honen aurrean, haien iritziz, Topoa eta Dbusen autobus linea nagusiak «elkarren artean koordinatzea» da gakoa. «Era honetan, Donostiako eta eskualdeko auzo, unibertsitate eta lantoki guztietara garraio publikoaren irisgarritasuna hobetuko litzateke. Eta pasanterik gabe».

Hori dela eta, o«bra faraoniko eta behar gabeko honen aurkako oposizioa lantzen eta mobilizatzen» segiko dutela adierazi dute.