NAIZ
ANKARA

Siria, Irak eta Turkiako kurduei airez eraso egin die Turkiak

Siriaren menpeko Mendebaldeko Kurdistanen, Al-Hasaka probintzian, eginiko aire erasoan gutxienez YPG Herriaren Babeserako Unitateetako 18 kide. Iraken menpeko Hegoaldeko Kurdistanen, aldiz, bost peshmerga hil dituzte hegazkin turkiarrek. PKKren ustezko sei kide ere hil dituzte Hakkari probintzian eginiko beste eraso batean.

YPG unitateetako kide bat, artxiboko irudi batean. (Delil SOULEIMAN/AFP)
YPG unitateetako kide bat, artxiboko irudi batean. (Delil SOULEIMAN/AFP)

Londresen egoitza duen Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, gutxienez YPG milizietako 18 kide hil ditu Turkiak Al-Hasaka probintzian eginiko erasoan.

Turkiaren hegazkinek YPG milizien informazio zentro bati eraso egin diotela zehaztu du aipatu iturriak.

Herri Babeserako Unitateek baieztatu dute aire erasoak hildakoak eta zaurituak eragin dituela, baina ez dute kopururik zehaztu.

Turkiaren eraso «koldarra» gaitzetsi du YPG indarretako ordezkari batek, Eferi telefonoz eginiko adierazpenetan. Indar kurduen aurka eginda Turkiak Estatu Islamikoari laguntzen diola salatu dute.

Peshmergen aurka

Horrez gain, Iraken menpe dagoen Hegoaldeko Kurdistanen ere eraso egin du Turkiak, gutxienez peshmerga indarretako bost kide hil eta beste bederatzi zaurituz.

Peshmerga Armadaren Ministerioak Sinjar mendien inguruan jazo den eraso hau baieztatu du.

Hegoaldeko Kurdistango Gobernu autonomoak, ohar baten bitartez, gogor kritikatu du Turkiaren eraso «onartezina».

Azkenik, Turkia eta Siriaren arteko mugaren inguruan dagoen Hakkari probintzian eginiko beste eraso batean, PKKren ustezko sei kide hil ditu Turkiako Armadak.