NAIZ
DONOSTIA

Zubietako erraustegiko lanak hastear direla salatu du Gipuzkoa Zutik taldeak

Zubietan egin nahi den erraustegiko lanak hastear direla eta inguru hori prestatzeari ekin diotela salatu du Gipuzkoa Zutik taldeak. Erresistentzia fasera pasatzeko garaia dela gaineratu du eta horren adibidetzat orube horretan paraturiko hesolak kendu dituztela zabaldu du.

«Egoera larria da, erraustegiaren lanak ahalik eta lasterren inauguratzeko irrikitan daudenez, hesola guztiak kendu ditugula jakinaraziz, erraustegiaren aurkako aro berria inauguratuz», azaldu du Gipuzkoa Zutik taldeak. Honekin batera, 25 metroko pankarta erraldoia zintzilikatu dute ‘Erraustegirik ez, ez goaz etxera’ leloarekin. Bideo baten bidez eman dute ekintza honen berri.

«Joan den udaberri beroaren ostean, Gipuzkoa Zutik mugimendua bizirik mantendu dugu herritar talde batek, eta bigarren udaberri baten atarian gaudela aldarrikatu nahi dugu. Aktiba gaitezen herritarrok eskualdez eskualde, herriz herri, mundu ero honen aurka. Erraustegiaren aurka eginez, sinbolo baten aurka egiten dugula ulertzen dugu, eta gure ekimenen bidez, amesten dugun mundua eraikitzen joatea da gure asmoa», adierazi dute.

Erraustegiaren egitasmoak Gipuzkoako elitearen mesedetan baino ez dela egiten salatu dute eta sortuko duen eragina larria dela gaineratu dute: «Herritarren artean minbizia sortzeko makina bat jartzeko prest diren politikariak, kontratu publikoen trukean politikariak erosteagatik ikertutako enpresak, erabakitzeko eskubidearen ukoa, boterearen hedabideen manipulazio lotsagabea, herritarrontzat nahi duten lan-prekarietatea eraikitzea, herritarroi sortuko diguten zor bidegabea, espazio publikoaren pribatizazioa, dirutza hori ordaintzeko eskubide sozialen murrizketa, txiro eta aberatsen arteko ezberdintasunean sakontzea, klima aldaketa areagotzea, bertako baserritarron elikagaiak kutsatzea, Mozal Legea aplikatzea protesta baketsuon aurka...».

Hori dela eta, erraustegia hainbat kalte eragiten duen politikaren aurka egiteko «aukera bikaina» dela gaineratu dute.

Diru xahutzea eta ustelkeria

«Erokeri honen bultzatzaileei adierazi nahi diegu ez dutela eskubiderik herritarren bizkar horrelako proiektu suizidarik egiteko 35 urtetarako. Milioika euroko etekinaren bide arriskutsu honetatik jarraitzen badute, proiektuarekin batera eroriko direla. Borrokatuko dugula, eta egunotan izaten ari diren jarrerak, esaten ari diren astakeriak, memorian ongi gorde eta transmititu egingo ditugula», esan dute.

Aste honetan izandako ustelkeri eskandaluak ere aipatu dituzte. «Politikari ustelak erostea egotzita polizia Urbaserren egoitzan sartu da, erraustegia egin behar duen enpresa. Paradisu fiskaletan 113 enpresa ditu Urbaserrek, eta datu hori publikoa izan arren, gipuzkoarron diru publikotik 35 urtetarako kontratua egin diote gure muturren aurrean. Eta galdera da, Urbaser gisako multinazional batek zertarako dauzka enpresak paradisu fiskaletan ez bada iruzur fiskala egiteko?», galdetu dute.