NAIZ

‘Motxilaren umea’ dokumentala, ikusgai interneten

‘Motxilaren umea’ dokumentala dagoeneko ikusgai dago interneten, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Haurren eta espetxearen arteko errealitatea jorratzen du Kurkuluxeta Kultur Elkarteak ekoitzi duen film pedagogiko honek.

Kurkuluxeta Kultur Elkarteak ekoitzi duen ‘Motxilaren umea. Ehunka euskal umeri ukatutako eskubideen aldeko aldarria’ dokumentala interneten ikusgai dago atzotik.

Haurren eskubideen aldeko film pedagogikoa da ‘Motxilaren umea’; fikziozko historia da baina benetako gertakarietan oinarrituta dago eta ume eta espetxearen arteko errealitatea jorratzen du. Hala, ehunka umeri ukatzen zaizkien eskubideak eta haiek babestu beharra ditu ardatz.

Bi zati ditu filmak: lehenean, Maiderren historia kontatzen da, ama espetxean, etxetik 700 kilometrora, daukan adin txikiko neska batena hain zuzen ere. Bigarren zatian haurren eskubideen inguruz hitz egiten du, Nazio Batuen Erakundearen 1959ko adierazpena oinarritzat hartuta. Itziar Ituño aktorea eta Maider Latatu, Kurkuluxetan elkartearekin antzerkian ari den haurra, dira protagonistak.

Bost hizkuntzatan

Filma euskaraz grabatuta dago eta gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galizierazko azpitituluekin ere ikus daiteke.